Badut nik lagun mina, Almerian jaio eta Gasteizera ezkondua, seme-
alabak ikastolara eraman eta erabat bertaratua egon arren, sarri esan 
ohi didana: “Sois unos tristes”. Eta gure tristura horren adibiderik 
nabarmenetakoa txistua omen. Egia esan, emakume andaluziar honi 
horrelakorik entzun arte nik ez nuen sekula pentsatu txistua tristea 
zitekeenik. Burutazio hauek izan nituen aurreko ostegunean, Deban, Jose 
Ignacio Ansorena, Joserra Senperena, Jon Maya,  Andoni Egaña eta Kirmen 
Uribek elkarrekin eskainitako “Inprobisazioan”.
Chillida-Lekun egindako aurkezpenean kontzertu honek jasotako kritika 
onak ezohiko jende dezente asko bildu zuen Santa Mariaren elizako 
klaustroan, espektakulu berriaren itxaropenetan. Eta, gertatua gertatu, 
ikusentzuleak ez ziren inondik ere noraezean geratu, inoiz gutxitan 
horrenbeste jendek amaitu baitzuen gustora, beste askok amaitu aurretik 
alde egin zuen bitartean.
Nik ez dakit txistua tristea edo alaia den. Behar bada ez bata eta ez 
bestea. Ansorenak esan bezala, txistu-doinua omen da giza-txistuaren 
musika-tresnarik antzerakoena eta, zentzu honetan, baita segurutik giza-
sentipenik xume eta arruntenen adierazpide ere. Eta, txistua gure 
izaeraren  adierazgarri bada, auskalo gero txistuak tristatzen ote 
gaituen euskaldunok ala euskaldunok egiten ote dugun txistua triste...
Era batez zein bestez, bistan da Ansorenak txistulariak ez duela kezka 
metafisiko hori bere errepertorioa aukeratzerakoan. Izan ere, txistua 
beti irudituko zaigu gaur egun triste eta depresibo samarra erdiaro-
giroko doinuak eta blues edo jazz itxurako melodiak eskainiez gero; 
Polentxi Gezala eta Mauricio Elizalderen malenkonia baldin badugu 
gidari; Etxahun zuberotar malerusaren “Ahaide delezius huntan” jota 
edota  “Felix (Iñurrategi) gogoan”  amaituez gero.
Gero etorriko dira Kirme Uribe olerkariaren alegoriak, Andoni Egaña 
tarinaren lirikak edo Jon Maya dantzariaren “inprobisazioak”. Baina 
hori ez da txistua. Hori beste kontu bat da, beste kuku bat alegia.

Amatiño


_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [EMAIL PROTECTED]

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]

Reply via email to