Interaktibitatea modan dago. Izan ere, orain guztiak izan behar 
omen du interaktiboa. Interaktiboa ez dena zaharkitua da, atzerakoia, 
ez da ezer, hutsaren hurrengoa baino ez. Interaktiboa dena, aldiz, 
positiboa da, eraginkorra. Hitz batez laburbiltzekotan: Superaktiboa 
edo hiperaktiboa.
        Nik ez dut esango zorioneko interaktibitate hori txarra denik, 
baina bildur naiz ez ote den gure gizartearen hainbat ahulezia 
tapatzeko hitzetik hortzera darabilgun aitzakia magikoa. Beste modu 
batez esanda, nik ez dut ukatuko teknologia berriek pertsonen arteko 
harreman-kopurua areagotzen ez dutenik, baina behar bada irakurleari 
dezente kostatuko zaio frogatzea gure gizarte honetako  harremanak gure 
gurasoen garaietakoak baino aktiboagoak direna.
        Paradoxa bada ere, zenbat eta teknologiek gehiago erraztu 
makinen bitarteko giza-harremanak, are pasiboagoa da hiritarren 
gizartearekiko lotura. Interaktibitateak denetariko tramankulu 
elektronikoen erabilpena sustatuko du seguru asko, baina baita 
segurutik gero eta gizarte pasiboagoa erakarri ere. 
        Interaktibitate elektronikoa gero eta handiagoa den honetan, 
harreman pertsonalak gero eta urriagoak dira eta, ondorioz, gero eta 
antzuago pertsona horien emaitza publikoa eta euren gizartearekiko 
atxikimendua. Zenbaitek pentsa lezake jarrera honek ondorio latzak 
erakarri ditzakeela politikagintzan, esate baterako. Baina, besterik 
uste arren, politika da, hain zuzen ere, egoera berrira errazen 
egokituko eta gutxien sufrituko dutenetakoa. 
        Giza-harreman zuzenen murrizketak beste hainbat arlo apalagotan 
izango du hil ala biziko eragin nabarmena. Herrigintzan oinarri-
oinarrizko mailan antolatu ohi diren ekintzak izango dira gehienbat 
ahulduko direnak. Besteak beste, koru eta dantzari-taldeak, 
mendigoizale-elkarteak, kirol-saioen antolatzaileak, auzo-mugimenduak, 
kultura-ekintzak... esparru bolondresa alegia.
        Gero eta pertsona interaktiboagoak, gero eta herri-plaza 
pasiboagoan. Interaktibitate pasiboa.

        Amatiņo




_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [EMAIL PROTECTED]

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]

Reply via email to