Galbraith ekonomilaria izan zen Estatu Batuetako injustizia soziala 
nekez konpondu zitekeela esan zuena. Kennedy presidentearen aholkulari 
izandako honen ustez:  Estatubatuarren %50 txarto bizi dira, sistematik 
kanpo daude eta ez dute hauteskundeetan ere parte hartzen. Eta ondo 
bizi diren beste %50ek, sistema barruan egon eta hauteskundeetan parte 
hartzeaz gainera, ez dute sekula parte hartzen ez dutenen aldeko 
interesik defendituko. Beraz, aldaketak boto emaileak gehitzetik etorri 
behar du. Hausnarketa honi logika dario baina gero, hauteskundeetan %
60k parte hartzen duenean ere, emaitzak ez dira aldatzen, 1968an aldatu 
ez ziren bezala (Nixon, %62). Gallbraith jakitunak arrazoi izango du 
baina botoemaileek ez diote jaramonik egiten.
    Aste honetan ere gauza asko entzun dugu Bushen garaipena europarron 
pentsamoldeetara egokitzeko. Besteak beste, jende ikasia eta prestatua 
Kerryren alde azaldu dela eta ezjakinak eta eskolabakoak, ostera, 
Bushen alde. Aldi berean eman dizkiguten datuen arabera jakin ahal izan 
dugu beltzen arteko %90k, asiarren %61k eta hispanoen %60k Kerryri eman 
diotele botoa. Baina inork ez digu argitu zergatik beltzak, asiarrak 
eta hispanoak diren ikasienak eta jakitunenak.
    Esan ere esan digute demokratek galdu egin dutela euren 
programa “elitista” delako. Eta errepublikarrek irabazi egin dutela 
eurena beldurraren eta segurtasunaren botoa izan delako. Halere, datuek 
erakutsi digute emakumeen partaidetza (%54) gizonezkoena (%46) baino 
handiagoa izan dela eta Bushek lortutako botoak erdibana izan diren 
bitartean (50-50), Kerryk gehiago izan dituela emakumeen artean (%58) 
gizonezkoen (%42) artean baino. Beraz, emakumeak gizonezkoak baino 
elitistagoak eta ausartagoak dira eta gizonezkoak emakumezkoak baino 
beldurtiago. 
    Estatu Batuarrek jakingo dute zergatik eman duten eman duten botoa, 
baina garbi dago europarrok ez dugula ulertu ere egiten. Eta ulertzen 
ez duenak hobe luke orojakilearenak ez egin.

    Amatiño


_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [EMAIL PROTECTED]

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]

Reply via email to