Ekin - Txalaparta argitalpen hitzarmena
Ekin eta Txalaparta argitaletxeek duten hitzarmena, Irujo anaien lana eta gainontzeko beste idazleena berrargitaratzekoa, eta elkarrekin batera beren liburuak Europan eta Amerikan banatzekoa, oso gertaera kultural garrantzitsua da bi enpresentzat, eta uste dugu, garrantzitsua dela baita ere kultura eta argitalpen mundutik zerbitzatzen dugun Euskal Herriarentzat.
Buenos Airesen sortua 1942an, Ekin euskal nazionalista erbesteratuen talde batek bultzatu zuen, Gerra Zibileko errepublikarren porrotaren ostean Euskal Herritik kanporatuak izan zirenek, hain zuzen ere. Beren helburuak garbi zeuden: atzerritik frankismoaren aurkako erresistentzia indartu eta Euskal Herriko hegoaldeko lau probintzietan bortizki zanpatua izan zen euskal kultura babestu. Lehendabiziko asmo hauetaz gain ordea, Andres Irujok desio bat zuen, bere anai Manuel Irujoren garai hartan Aguirre Lehendakariaren ondoren politikorik aipagarriena zenaren- historia lanei eta gogoeta politikoei euskarri bat eman nahi zien; baita lehendakariari berari ere De Gernika a Nueva York pasando por Berlín (Gernikatik New Yorkera Berlindik pasatuz) liburuagatik; Leizaolari, Galindezi eta beste hainbat euskal intelektuali bezalaxe.
“Biblioteca de Cultura Vasca” (Euskal Kulturaren Liburutegia) eta Ekinen beste bilduma batzuk, ehun izenburutik gora hartu zituzten, euskaldunak zeuden munduko leku guztietara bidaiatu zuten eta mugak ezkutuan pasa zituzten okupatutako lurraldeetan erresistentziaren eta kulturaren grina bizirik mantentzeko. 70 urte geroago, Ekinek erreferentzia historikoa izaten jarraitzen du eta prest jarraitzen du euskal gizartea zerbitzatzen jarraitzeko, xede horrekin ipintzen ditu bere izen eta argitalpen fondoa eskuragarri.
Bere aldetik aipatu, Txalaparta askoz gazteago den argitaletxea dela, argitalpen fondo garrantzitsu bat duena eta Buenos Airesko Ekin argitaletxearekin hainbat ezaugarri partekatzen dituena: biak dira argitaletxe nafarrak batak Lizarran du jatorria eta besteak Tafallan- eta biek ikusten dute Nafarroa Euskal Herriaren ardatz nagusitzat; biek dute kultura eta euskal nortasunaren defentsa abiapuntu eta horizontetzat; biek defendatzen dituzte gure herriaren balio demokratiko eta errepublikarrak; biek izan nahi dute erreferentzia aktibo munduko euskal diasporarentzat; biek dute ahanzturaren aurka memoria historikoa mantentzeko erantzukizuna eta biek daukate konpromiso handi bat argitalpen independentearen eta adierazpen askatasunaren arloan. Gure arteko hitzarmenak ere independentzia eta konpromiso komun horietan daude oinarriturik. Gure herrian esaten den moduan, argitaletxeen artean auzolanerako elkartu garela esan genezake, eta bere lehenengo fruitua Manuel Irujoren Inglaterra y los vascos (Ingalaterra eta euskaldunak) liburua da. Lan honen lehenengo argitalpena 1945ean egin zen eta bigarrena aurten, 2004an.
María Elena Etcheverry Irujo / Ekin Jose Mari Esparza Zabalegi / Txalaparta
_______________________________________________ Adi gero, mezuak bidaltzeko: [EMAIL PROTECTED]
http://www.eibar.org/zerrenda harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]