-- --- oier gorosabel larrañaga lekeitio - euskalherria --- not politics just human rights join www.euskojustice.org
Gure herrixan sarri entzutzen dan tira-biria: zein da benetako izena? Txantxazelai (txantxetan ibiltzekua) ala Txaltxazelai (Txaltxa basarrixan zelaixa). Orain dala hile batzuk Salvador Marzanak Eibar rebistara bialdutako eskutitz baten harira, nere iritzixa be bota nahiko neuke. Nere ustez, ez bata eta ez bestia.
“/Eibar/” rebistaren aurreko ale batean, Salvador Marzanak Eibarko kale izenen inguruko zenbait gogoeta eta zalantza adierazi zizkigun, batez ere izen batzuetan nahasmen handi samarra dagoela esanez, izen ofiziala ez delako eibartarrok azken urteotan erabili izan dugun berbera. Eibarko kale izenak ezarri zirenean, duela 25 urte inguru, herritarrok erabiltzen ditugun leku-izenak ipini beharrean, jatorrizko izenak ipini zituzten; hau da, ahozko formak baztertu eta jatorri filologikoa begiratuz finkatu ziren berriak. Horrela, ahozko /Asoliartza/ ahaztu eta bere forma osoa aukeratu zen (/Asola Igartza/). Antzera, /Arteitta/ eta /Artegieta/ bikotea, eta beste horrenbeste. Neurri horrekin ados nago, izen gehientsuenetan behintzat.
Salvadorrek aipatzen dituenen artean esanguratsuenetako bat, /Txantxazelai/ da. Nire aitxitxari ere, askotan entzun nion: “/Txaltxazelaia/? /Hori Txantxazelaixa izan izan dok beti/!”. Jose Mari Kruzetarekin ere zenbat eta zenbat bider egingo nuen berba gai honetaz...! Euskaldun guztiok daramagu filologo bat barruan, eta horren inguruko eztabaidak behin eta berriz entzun izan ditugu Eibarren, batean eta bestean.
Bi teoria izan ditugu izen horren jatorriaz. Batetik, eibartar gehienena, errotuena eta ziurrenik Toribio Etxebarriaren eraginez zabaldu dena: /Txantxazelaixa/ da izena, txantxetan ibiltzeko zelaia zelako. Hala dio Toribiok: “Txantxa zelaixa: lugar de juegos. /Egunero, Txantxa zelaixan, eukitzen genduan eskolia, Jose Gisasola zanagaz/.” Beste batzuek, berriz, beste jatorri bat ikusten diote berba horri: izena /Txaltxazelai/ izan behar da, parean zegoen Txaltxa baserriaren zelaia zelako. Nik hirugarren bat proposatu nahi dut, edo behintzat, kontuan hartu beharreko datu bat aurkeztu, gogoetarako. Zuzena ala okerra, baina /Txantxazelai/ izenaren inguruko eztabaida honetan, nire ustez, gutxienez kontuan hartu beharrekoa.
Azken hileotan Eibarko toponimoak edo leku-izenak aztertzea egokitu zait Eibarko Udal Artxiboan, eta “/Eibarko Hiri Toponimia/” (Euskaltzaindia, 1995) liburua ere behin eta berriz irakurri behar izan dut. Toponimoen jatorria begiratzen ahalegindu naiz, eta baita toponimoak taldekatzen ere. Gure lanean eta “/Hiri Toponimia/” liburu horretan udal artxiboko ehundaka idazki aztertu izan dira, eta baita Oñatiko Gipuzkoako Protokolo Artxibategia eta Jabego Erregistroko beste hainbat.
Ikusi ditudan kontuen artean, konturatu naiz badirela Eibarren sarri aurkituko ditugun zenbait atzizki, esate baterako: -/alde/ (Abontzalde...), -/azpi/ (Agiñazpi...), -/be/ (Bidebe...), edo -/gaiñ/ (Ibargaiñ...). Eta denen artean ugarienetakoa –/buru/ da. Zerrenda amierabakoa da, baina hementxe zenbait adibide, ezagunenak: Aixaburu, Amañaburu, Ariztiburu, Arrajolaburu, Artatxuetaburu, Barrenazarburu, Gisastuburu, Iparragirreburu, Ipuruaburu, Irabaziburu, Katalanburu, Mekolaburu, Otolaburu, Trangoburu, Urkuzuburu... Atzizki horiek aztertzean nabarmena da, atzizkidun formek beti generiko bat behar dutela. Hau da, /Etxaburuak/ “etxe” bat egotea eskatzen duen moduan (eta berdin /kamiñuburuak, presaburuak/ edo /kanteraburuak/), Mekolaburuk ere Mekola toponimoa existitzea eskatzen duela (eta Urkuzuburuk Urkuzua, Otolaburuk Otola, eta abar).
Bere izenean –/buru/ atzizkia duten dozenaka toponimo ditugu Eibarren, eta bi dira generikorik gabe aurkitu ditudan bakarrak: 1.- /Urangaburu/, begiratutako agiri guztietan bakarrik behin agertzen den izena (1848), berria dirudiena, herrian batere erroturik ez dagoena, eta gaur egun ezezaguna dena; eta 2.- /Sansaburu/. Kasu hau guztiz kontrakoa da: artxiboko hainbat idazkitan agertzen da (1597, 1747, 1771, 1777, 1782, 1812, 1877, 1883, 1916...), gaur egun ere bizirik dago, antzinako izena da (gutxienez XV gizaldikoa), eta oso egonkorra, dokumentatutako idazki gehienetan beti forma berbera agertzen delako.
Kasu honetan, baina, galdera zera da: /Sansaburu/ izena badugu, non dago *Sansa*? Tokiari begiratuta, Sansaburu azpian egon beharko litzateke, gaur egun Txantxazelai ingurua den horretan, ziurrenik baita Untzagako torreak eta Calbetón kale ingurua ere. Eta hor dugu beraz, *Sansazelai*.
Nire ustez, teoria horren alde egiteko hiru datu behintzat badaude:
1- /Sansaburu/ toponimoak, berez, definizioz, /Sansa/ toponimo bat eskatzen du.
2- Artxiboko datuen arabera, barrena 1597tik dago dokumentatua /Sansaburu/, eta 500 urtean ez da aldatu izen hori. Behin bakarrik agertzen da idazkietan /Salsaburu/ (1917ko idazki batean), justu /Txaltxazelai/ izena lehenengoz agertzen den sasoi beretsuan. Ordura arte, beti, /Sansaburu eta /Txantxazelai* agertuko zaizkigu.
3- s --- tx bilakaera nahiko erraz uler daiteke euskaraz, eta Eibarren bertan dugu itxura bereko salsaperretxiko/txaltxaperretxiko hitz-bikotea.
Horretara, laburpena eginez. /Txantxazelai/ txantxetarako zelaia zela, ez dut uste oinarri sendoak dituen teoria denik: ez dator bat Eibarko beste toponimoekin, ez dago hori ziurtatzeko arrazoi historikorik, ez dago dokumentatuta... /Txaltxazelai/ Txaltxa baserriaren zelaia izan daitekeela ere, gaitza iruditzen zait. Txaltxakua baserria, jatorriz, Otaolan zegoen, gaur egun Eroski dagoen lekuan. Untzaga inguruko Txaltxa baserria berria da (1860koa), txikia, berezko izena /Kamiñokua Etxebarri/ zuen, eta guk dakigula ez zuen lurrik Untzaga inguruan.
Nire uste, beraz, /Sansa/ eta /Sansaburu/ izango ziren, Ubitxatik Bolinguarainoko tarte guztia, Calbetón kalean hasi eta Urkiraino: lekua, baserria, iturria eta erreka. Ondoren, Ulsaga/Untzagak hartu zuen /Sansa/-ren lekua, eta horrela ezagutu izan da, gutxienez azken 700 urteotan Calbetón-Untzaga ingurua (1915 inguruan Untzaga kaleari Fermín Calbetón izena ipini arte). Bizirik jarraitu dute, ostera, formaz bereizturik, baina jatorri berarekin, /Sansaburuk/eta/Txantxazelaiak/.
Ideia horrek puntu ilunak ere baditu, eta ilunena, ziurrenik, /Sansaburu/ oso ondo dokumentatuta dagoen bitartean, /Sansa/ eta /Sansazelai/ ez direla idazki zaharretan agertzen. Arraroa, herri erdi-erdian dagoen ingurunea izanda. Dokumentu gehiago begiratu beharko ditugu ondorio zehatz eta zuzenagoak ateratzeko.
Amaitzeko, derrigor esan beharreko gauza bat. Izenaren jatorria edozein izanda ere, kalearen eta inguruaren izen ofiziala /Txaltxazelai/ izateak nire ustez ez dauka ez buru eta ez hankarik.
_______________________________________________ Adi gero, mezuak bidaltzeko: [EMAIL PROTECTED]
http://www.eibar.org/zerrenda harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]