Gaurko "...eta kitto!" rako
 
 

183 (berriro)

 Maiatzean kontatu nuen frankismopean 183 egun, urte erdia baino gehiago, baina sei hilabete ez, gartzelan egon zen eibartarraren kasua. Honen senideei EJko Gizarte Gaietako Sailak araututako ordaina ukatzen zioten, sei hilabeteko gartzelaldia ez frogatzeagatik. Arartekoari erreklamazioa egin ondoren, Sailak adierazi zuen bere kabuz gertu zegoela ebazpena aldatzeko, eta beraz 183 egunez giltzapean egondakoari zegokion kalteordaina onartzeko. Hori ekainean. Pasa zen ekaina, uztaila, eta ebazpen berria ez zetorrenez, kaltetuaren familiari epea bukatzen zitzaion orain arte daukaten ebazpen bakarra, hots, kalteordaina ukatzen diena, epaitegira eramateko. Saila, jakina, jakinaren gainean. Jo zen epaitegira, kontua ez baitzen epea galtzea, eskubide barik geratzeko arriskua baitzegoen. Pasa dira abuztua eta ia iraila, eta Sailak dio ez duela ezer egin. Aurrekontu arazoa dauka itxuraz, eta nahiz eta ahoz aitortu kasu honi buelta eman dakiokela, ez du ezer egin, ezta egiteko eperik jarri. Orain, larogei urteko alarguna epaitegietan dirua eta arnasa gastatzen Administrazioak ezarritako arau bat betearazteko, senar zenari zegokiona aitorrarazteko. Administrazioa, arauari propaganda eman zionean ez bezala, isilik. Arartekoa, gaia epaitegiaren esku dagoenez, ezertan jarduteko eskumenik gabe. Ez dago arau-hauste handiagorik arauak egin eta edozeini betearazteko indarra daukanak, bere buruari emandako araua urratzea baino.

 

Elena Laka

_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: eibartarrak@postaria.com

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]

Reply via email to