Katalunia nazioa da. Honela dio hango Legebiltzarrak onartu berri 
duen Estatutu berriak. Erabakiak bazterrak harrotu ditu nazioa bat eta 
espainiarra baino ezin dela izan uste dutenen artean. Ez da gero 
harritzekoa, hainbat belaunalditan zehar ideia hori erakutsi baita 
eskoletan eta beste horrenbeste azpimarratu komunikabideetan. Arraroa 
litzateke jendeak besterik uste izatea.

      Nazio kontzeptua ez da, berez, kontzeptu politikoa, eta estatu-
nazio bikoteak ez du beti elkarrekin joan beharrik. Estaturik gabeko 
nazio ugari dago munduan eta baita naziorik gabeko Estatu asko ere. 
Honek ez du esan nahi, baina, azken bi mendeotan bi ideia horiek 
elkarrekin uztartzeko interes politikorik izan ez denik. Gaur egun ezin 
esan naziotasunari buruzko eztabaida politikoa eta beroa ez denik. 
Galdetu bestela Kataluniako Estatutu berria betozko ilunez hartu 
dutenei.  

       Hala ere, besterik uste arren, naziotasunaren agiri ofiziala ez 
da aspaldikoa. Adibidez, guztiok nahitaez daroagun Nortasun Agiri 
Nazionalak hirurogei urte baino ez ditu. Zehatz, 1944ko martxoaren 2an 
jarri zuen indarrean Franco diktadoreak. Hau da, nere aittitta-amamek 
heldu samarrak zirela atera behar izan zuten eta nere gurasoek, berriz, 
ezkondu ondoren. 

      Eta ez gero pentsa NAN herrialde guztietan normala den agiria 
denik, ez behintzat  gizarte anglosaxoietan. Gogoan dut 1963an izan 
nuen lehen ingeles-irakaslea harri eta zur utzi nuela karneta erakutsi 
nionean, hatzamar pottoloaren tinta-lorratz eta guzti, poliziaren 
kontrolpeko gaizkilea banintz bezala. Guk uste genuen, ostera, hura 
zela mundu guztian normalena.  

     Ondoren jakin genuen, ezkutuan jakin ere, Sabino Arana izenekoren 
batek “euzkotarren aberria Euzkadi da” esan eta euskal nazioa 
aldarrikatu zuela XIX.  mendean. Eta geroago ikasi genuen, berriz, 
XVIII. mendean Aita Larramendik normaltasun osoz aipatu izaten 
zituela “nación bascongada” eta “nación del bascuence” bezalako ideiak.

     Beraz, jira eta buelta...

     Amatiño


_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: eibartarrak@postaria.com

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]

Reply via email to