Word dokumentu bat aurkezpen hori bidaltzen saiatu da Serafin. Dokumentu
erantsi handientzako filtro bat dauka zerrendak, eta ez da igaro. Lasai,
Serafin, hemen dator testua.
Eibar.org-eko Materixaletan ere kargatuko dugu.
-------------------------------
AURKEZPENA- EIBARKO EUSKARA -- Serafin Basauri
Eibarko euskeriak azken 30 urtietan izan daben aldaketian inguruan
jardutzeko eskatu deste neri. Atzeragokuak be aittatu biharko dittut, kasu
honetan esaeriak diñuanaren kontrara, atziak be erakutsi leike-eta aurriak
zelan dantzatu. Ahaleginduko naiz jardunian jardunian bidia galdu barik
ibiltzen.
Ezer baiño lehen aittatu nahi dot gerra ostian Eibarren, eta beste herri
batzuetan be bai, euskerian inguruan izan dogun jokabide eskasa.
Aspaldittik zetorren euskerian gainbeheria, baiña gerriak eta gerra ostiak
bizkortu egingo dau gainbeheriori. Badakigu ba Frankismuak ez deskula
inungo mesederik egin, euskeriandako eta Euskal Herrixandako represiñua eta
zapalketia baiño besterik ez dala izan oiñ hogetamar urte "dana lotuta eta
ondo lotuta laga" eban haregandik jasotakua. Baiña horren aurrian, gerra
osteko guraso-belaunaldia ez da gauza izan gainbeheriari frenua ipintzeko,
seme-alaberi euskeraz egitteko, euskeriari eutsi eta egoeriari frente
egitteko; transmisiñuak krak egingo dau eta sekulako etena egingo da hor.
Autokritikia sanua da eta aitortu biharra dago euskeriaganako gure
ardurarik eza. Gaur egunian euskeriak dittuan ajietako batzuk hamen
dakez-eta zuztarrak.
Gerra osteko lehenengo hamar hamabost urtietan, apenas egin zan ezer
antolaturik euskerian alde, orduko ardurak beste batzuk ziran sasoi hobien
esperuan, baiña ez zan sasoi hoberik etorri. Egoera politikuan ez zan
aldaketarik ikusten. Beti bueltian zain baiña gerria aliauak irabazi arren
ez zan bueltarik etorri. Burruka politikotik ez zan ikusten sasoi haretan
(40. / 50. hamarkadetan), sakrifiziuak sakrifizio, ezer lortzen zanik.
Hartara, euskerian aldeko jardunian zeguan hutsunia ikusitta 1952-53
inguruan euskaltzale talde batek kultura arluan antolatzia erabagiko dau,
euskerian alde jardutzeko eta, ez traba barik, baiña pausoz pauso gauzak
lortuz juango dira. Juan San Martin eta Imanol Laspiurren inguruan batzen
dan lagunarte honek zerikusi haundixa eukiko dau Eibarko euskal
kontzientzia berpizteko ahalegiñetan. Tartekuak ziran, batzuek
aittatziarren, Jose Luis Ugarteburu, Jabier Zubiaurre, Bittor Kapanaga,
Paulino Larrañaga
, ni neu be inguruan ibiltzen nintzan. Lan arlua:
euskeria landu eta zabaltzia. Hamendik sortuko dira euskeria erakusteko
gau-eskolak, Umandiren gramatikia editatzia, Javier Eguren alkate zala
1959ko Euskal Kongresua Eibarko udaletxian egittia, azken lorpentxo hau,
gauza gitxi eta apala dirudixan arren, inportantia zan instituziñuak
euskeriandako irabazteko eta euskeria kalera ataratzeko.
Diasporan, ixil-ixilik, beste gauza askoren artian bere herriko euskeria
goguan, Toribio Etxebarriak Eibarko aditzan flexiñuak eginda eukazen
1955ian eta "Lexikoia" geruago 1961ian, berak diñuan moduan "sin más ayuda
que el deleite y el recuerdo". Juan San Martin 1957an Euskaltzaindiako
urgazle izendatzen dabe eta 1964an euskaltzain; eta ez dago dudarik honen
eraginez izendatzen dabela Toribio Etxebarria Euskaltzaindiako urgazle
1965ian, Eibarko aditzan gaiñian eta Lexikoan egindako biharregaittik.
Ibiltarixanak 1967xan argittaratuko da, bigarrenez 1993an Antxon Narbaizan
hitzaurre eder batekin. Juan San Martiñek ziñuan Toribio izango dala,
ordura arte behintzat, eibartarren euskeria gehixen landu dabena. San
Martinek 1958-59an publikauta eukan bere Burdin-langintzako hitz teknikoez
izeneko hiztegi-lana, hiztegixak egin bihar diran moduan, sarrerarik
gehixenak ejenpluekin dittuana. Toribioren Lexikoia be halaxe: sarrera
bakotxa bere ejenpluakin; hainbat bidar aittatu izana eta hiru edo lau
ediziño izan dittuan liburu edarra, berbak azaltziaz gaiñera ejenpluotan
Eibarko barri be emoten dabena. Lanok eta Juaiton Zirikadak eta Eztenkadak
itturri ugarixak izango dira azken urtietan Eibarko euskerian gaiñian egin
diran bihar guzti-guztiendako. Andima Ibiñagabeitiak eta Sebero Altubek
Eibarko euskerian laudoriozko artikuluak idatzi zittuen, Orixe bera gure
hittanuakin enamorauta; iritzixok eibartarron harrokerixiak gora egitteko
behintzat balioko eben. Imanol Laspiurrek Azentu diakritikoa Eibarko
euskaran bere azter-lana irakorriko dau 1976xan.
60. eta 70. hamarkadan, Gau-eskolak eta Alfabetatziak bere bidia egingo
dabe, ikastaruekin, hitzaldixekin (Rikardo Arregi, Villasante...). Euskera
batuan lehen pausuak emongo dira Arantzazuko Batzarrian eta aurrerantzian
euskera batua izango da euskaldunon naziño-hizkuntza estandarra. Ikastoliak
be aurrera egingo dau, nahiz eta batuan erakutsi biharrak ez detsan
tartetxo bat gorde herriko euskeriari. Euskaltegixak (AEK eta munizipala)
jarriko dira martxan... (1979 / 80xan)
...eta Kitto alkartia eta aldizkarixa sortzen dira 1991/92 urtietan. Lan
politta egin da hamen, euskera errezian eta Eibarko euskeriari gitxi
gorabeherako heren bateko lekua emonaz. Neurri batian kazetari eskolia be
badala esan leike eta kitto aldizkarixa. Eibarko euskeraz idatzittako
lanak, hobera egin dabe, bai eibartartasunari begira baitta euskara zuzen
eta jasuari begira. Nabarmena da aldizkarixan egitten dan pedagogia lana,
bai kazetarixekin baitta irakurlieri begira be.
Apurka-apurka Eibarko euskerian gaiñian lan polittak egin izan
dira: Esakerak (Argoitia, Azkarate, Gezuraga); Aditza (talde lana) ;
Eibarrera jatorraren bidetik eta Deklinabidia eta entonaziñua (Laspiur) ;
Eibarko euskara: gutxiespenaren historia (Antxon Narbaiza); Idazlien eta
idazlanen antologixia (E.Izagirre, M.Lizarralde eta Antxon Narbaiza);
Unidade didaktikua (M.Sangroniz), Hiztegi etnografikua (Asier Sarasua,
S.Basauri), Izen-sintagmaren deklinabidia (N.Aretan tesi doktorala),
Lexikoia eta Etnografikua itturri hartuta Eibarko hiztegia jarri da sarean
<http://www.eibarko-euskara.com/>www.eibarko-euskara.com (N.Areta),
Eibartarren ahotan ahozko artxibua be bai
<http://www.egoibarra.com/Eibar/Eibartarren_Ahotan>www.egoibarra.com/Eibar/Eibartarren_Ahotan,
(Asier Sarasua eta Itziar Alberdi) eta gaur aurkezten dogun liburuau berau.
Doktoreak dittugu euskal filologian: Koldo Zuazo, Nerea Areta, Antxon
Narbaiza; beste filologo mordoska bat be bai... Gaur egunian euskara
gaietan ondo prestautako gazte jendia dago, hamen egilliok lekuko; idazliak
eta kazetari puntakuak, baitta irakurliak be lehen baiño askoz gehixago.
Horrek aldeko faktoriok guztiok euki arren, edozeiñek ikusten dittu
daukaguzen eragozpenak, ez bakarrik herriko euskeria ganoraz erabiltzeko,
ezpada eze erderian eragiñetik libratzeko, euskeria "euskalñol" triste bat
ez bihurtzeko. Inguruak eragin ikaragarrixa dauka, eta ingurua erdalduna
da. Bakotxari ahalegin-plus bat eskatzen jaku euskeriari eutsi nahi
badetsagu. Baitta Administraziñuari be euskerian aldeko planok
eraginkorraguak izan deittian.
Gazte jendiak, ikastolan, euskera batua da ikasi eta erabili dabena, baina
badauka, batuan interferenzia nabarmenekin bada be, Eibarko euskerian
aldeko jarreria. Eukiko ez dau ba! Eta erderia beste erabiltzen ez bada be,
naturalidadez erabiltzen da euskeria neska-mutillen artian. Nabarmentzekua
da hori, batez be gure gazte-denporiakin konparatzen bada. Orduan, mutillen
artian gehixenbat euskeraz egitten ba zan be, pentsau be ez neskekin
euskeraz egitterik. Eta bueno...! nobixiakin euskeraz egittia rarua zan
gero! euskaltzale "fanatikuen" gauzia! Konparatzeko, nere gazte-denporako
eta oraingo dato estadistikorik ezian, zera esango dot: oin dala 50 urte
euskera asko egitten zala adin guztietako gizonezkuen artian, emakumien
artian baiño gehixago. Andragizon edadekuen artian erabiltzen bazan be,
neska-mutillen artian bapez. Famelixa askotan ez ziran gauza izan etxian
euskeraz egitteko, euskeria erabiltzeko; erderia izan da nagusi famelixa
askotan, eta halan guraso euskaldunak izan arren, gaur eguneko gazte askok
ez dau etxeko euskerarik jaso. Eta liburuak eta informaziño idatzixa asko
euki arren, gatxagua dake gaur egunian inguruko giro euskaldunik ezian.
Eibarko euskerian etorkizuna gaztiengan dago baiña euren euskeria hobetzeko
bidia ez da guk geuk gaztetan euki genduana. Zegaittik eze, nik neuk
gaztetan bizi izan doten Eibar, gaurkua baiño euskaldunagua zan, askoz be
euskaldunagua. Goguan daukat, eskolan dana erderia bazan be, biharrian hasi
nitzanian GACian eta gero Alfan, taillarrian euskeraz egitten zan, hamengo
taillarretan teknikuen eta buzodunen arteko berbetia euskeria zan,
kolektibo oso euskaldunak ziran eta komunikatzeko berbetia euskeria; esango
neuke, niretzako behintzat taillarra euskeraz jardutzeko eta ikasteko bidia
izan dala. Inguru euskaldun hori juan zan eta nekez ekarriko dogu barriro.
Produkziñuan euskeria ezartzeko ahaleginak ahalegin, gatxa dake gaztiak
lanian euskalduntzia, Eibarko euskeran behintzat, egitten diran ahalegiñak
euskera batuan egitten dira-eta. Gaur egunian, esan leike Eibar ez dala
euskeraz bizi, ez taillarrian ez beste iñungo arlotan. Eta gizartia
euskeraz "bizi" ez bada, gatxa da ingurumen horretan euskeria bizirik
irautia, eta gatxagua euskera "bizixa" egittia, komunikaziño arlo
bakotxerako euskera egokixa egittia.
Eibarko euskerian etorkizuna baltza ikusten dotela esango destazue. Aldatu,
seguru aldatuko dana. Hittanua berreskuratzeko modurik bai? Eziñezkua,
egitten ez bada. Galtzen bada iñok ezingo desku Orixek botatzen zeskuzen
lorak bota. Bertako azentua berreskuratzerik bai? Zaharron ahotik ikastia
gatxa apurka-apurka bagoiazelako mundu honetatik; aprobetxau bizi garan
artian edo Ahozko artxibua zabaldu interneten eta entzun, entzun eta
entzun... Zelan eutsi Eibarko euskeriari? Dana berreskuratzia lortu
ezindakua badirudi be, badira erabiltzeko errezak diran geure berbak eta
lokuziñuak; hórrek erabili eziñik ez dogu euskera batuan berba egin arren
be; gure berba eta lokuziño asko be euskera batua diralako. Ahal dala
behintzat exotismuak erabili barik geure berbak erabiltzia hobe, halan
behintzat geuria indartuko dogu eta egitten dogun berbetia entenditzia
errezagua izango da, normalagua, herrixagandik hurrago daguana.
Ez dauka etorkizun errezik gure euskeriak. Zer egin? Hezkuntza sistemiak
zelan lagundu leikian ez da ikusten, euskera batuak daukan lehentasuna
kontuan eukitzen badogu. Irakasliak erabili biharko leukie liburu hau euren
euskeria hobetzeko eta ikaslien akatsak zuzentzeko. Gitxien gitxienez
Eibarko euskeria maitte dabenak egin deixala murgil luze bat liburuan zihar
eta ikasi deixazela liburu honetan bere euskerian arauak, erabili deixala
konsulta-liburu moduan idazterakuan dudak dittuanian. Erderaz idazten
danian eukitzen dan kontu eta kuidadu bera euki deigun euskeraz idazten
danian. Bakotxak jarri biharko dau ahalegiña bere euskeria hobetzeko.
Erabili liburua; ez deilla izan apalategian geldirik eukitzeko.
Lehenguan irakortzen netsan Andu Lertxundiri, Bilbon Kultur Politiken
Nazioarteko Konferentzian esandakuak, internetan desafixuari begira:
"euskarak zortzigarren lurraldea konkistatu behar du; teknologia berriena
eta Internetena. Lurraldetasun fisikoaz gainera garrantzi betea du
lurraldetasun birtuala ere bilatzea ziberespazioan. Hor ez dagoena ez da;
hor ez bagaude, gureak egin du"
Ba honen harira esan gura neuke, badaguala eibarespazioan "Eibartarrak
posta-zerrenda" deritxon posta elektronikoz funzionatzen daben lekua,
euskeraz edozeren gaiñian jardun zeinkiana, jentian arteko informaziñua
trukatzeko, eta abar. Eibarko euskaraz idazteko aukera politta da, euskeria
erabiliz eta idatziz ikasteko. Aukera bat da. Zerrendia bizi bizixa da eta
asko ikasten da, euskerian gaiñian zein bestelakuen gaiñian.
Zer egin bihar dan Eibarko euskeria bizirik jarraittu deiñ? Erabili, egin,
ahal danik eta leku, arlo eta aukera guztietan, ikasi, irakorri, idatzi,
hiztun oneri entzun eta eurekin jardun. Aprobetxau daukaguzen aukera apurrak.
Amaituz juateko, azken 50 urtietako balantzia: Atzera egin dogula alde
batetik, aurrera be bai bestetik; baiña gozua baiño gazixa gehixago.
Balantzia ezin leike esan ona izan danik batez be ahozkotasunan aldetik.
Nekez baiña jarraittuko dau bizirik eibartarron euskeriak. Hori espero dot.
Esan biharrekuak esan dittut, bakarrik geratzen jata egillieri eskerrak
emotia. "Lan superrona" ez baiña liburuan jasota daken kalifikatibua
erabiliko dot: "lan oooona da egin dabena". Eureri txandia.
Serafin Basauri
----------
_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: eibartarrak@postaria.com
http://www.eibar.org/zerrenda
harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]