Oskar Alegriak lau hilabete pasa zituen kamuflatuta eta bakarrik Nafarroako
erreka baten ertzean. Han grabatu zuen Zumiriki pelikula, Veneziako
zinemaldian estreinatu zena.

Oskar Alegriak Zumiriki bat zeukan: Arga ibaiaren erdian irlatxo bat, 100
metro luze eta 25 zabal zuen lurraldea, bertaratzeko uretan belaunetaraino
sartu behar zena umetan, hango arboletara igo eta adar artean erreinatzeko.
2010ean uhartetxoa urpean desagertu zen, inguruan presa eraiki zutenean,
baina oraindik azaleratzen dira zazpi makalen enborrak, adarrek itolarrian
laguntza eskatzen duten besoak diruditela. (Zazpi? Dagoeneko bost. Bi erori
ziren Alegriak filma errodatzen zuen bitartean). Zumiriki hitza ere
desagertzera zihoan, baina Jesus Alegriak, Oskarren aitak, mekanografiatu
egin zuen Artazuko, bere herriko hitzen hiztegi txikian, ia galduak diren
beste hitz batzuekin batera, hala nola kurriskil (“jaio berri diren
bildotsen ikuilu txikia"), kukurruku (“mitxoleta”) edo peloa (“behiaren
errapearen hoztea”). Zumiriki (“irla errekaren erdian”) zerrendako azkena
zen.

Alegria, 49 urteko iruindarra , azken hitzak erreskatatzen aditua da, azken
istorioak, azken paisajeak. Bere aurreko luzemetraian, Emak Bakiaren Etxea,
nazioarteko jaialdietan 17 sari eskuratu zituenen horetan, Man Rayk euskal
kostaldean Emak Bakia laburmetraia grabatu zuen etxearen bila aritu zen.
Oraingoan Arga ibaiaren ertzeko basoan etxola bat egin zuen bertan lau
hilabete pasatzeko erabateko bakardadean, 2018ko maiatzaren eta abuztuaren
artean. Ura, kontserbak, txokolate asko, bi oilo, baratza ereiteko haziak,
botikina, 70 liburu eta basoko mamuak harrapatzeko 5 kamera eraman zituen.
Arau batekin: ez ateratzea handik errodajearen bukaera arte. "Sentipen
ederrena hirugarren hilabetean iritsi zitzaidan", dio.

"Sentipen arin bat, oso arina, munduko biztanle bakarra izatearena. Hiru
hilabete neramatzan adar bakoitza kontrolatzen, errekako hegazti bakoitza,
basoko gorozki bakoitza, aldaketa nimiñoena neuk izendatutako bazterretan.
Genesia egitea modukoa zen. Egun batean igelei begiratzen nien, beste
batean haizeari, beste batean egunsentiko argiari". Egun bakarrean atera
izan banintz, kotxera itzuli izan banintz edo txanpura, protagonistetako
batzuk ez zuten onartuko parte hartzea filmean. "Katajineta nire txabolara
etortzen zen nik uraren eta lurraren usaina nuelako. Hirugarren hilabetean
ni baso hutsa nintzen".

Zumirikik naufrago baten egunerokoa jasotzen du, animalien gaueko
bizimodua, arbolen heriotza mailakatua, denboraren inguruko entsegu bat,
Francisco Albisturren ―40 urte ibai-ertz horretan bakarrik bizi izan zen
gizona, bere hankapean etxekotutako azeria lagun zuela ibiltzen zena―
oinatz arrastoen bilaketa. Eta finean, irlaren errekonkista. Alegriak 120
metroko nabigaziora jauzi egiten du ―"ez da egitandia, keinua da"― poema
bat bere haurtzaroko arboletan zintzilikatzeko eta betiko alde egiteko.

Zertarako balio du desagertzera doazen irlak, arbolak eta ahotsak
errejistratzeak? "Gutxienez", dio Alegriak, "heriotzari azken hitza
ebasteko. Nire hiztegia eramango duzu, baina ni azken hitzarekin geratuko
naiz. Helduleku horrek uzten dit esaten: "Nire mundua oraindik hemen da".
2018ko uztailean, zumiriki hitza bost aldiz agertzen zen Interneten. 2019ko
uztailean, filma Veneziako Zinemaldirako hautatua izan ondoren 6000tik gora
ziren. Oskar Alegriak zumirikia salbatu du.

Ander Izagirre
Bere irlara itzultzea amesten zuen naufragoa
El Pais, 2019-08-20
https://elpais.com/elpais/2019/08/20/eps/1566298757_957674.html

Zumiriki Eibarren
https://dantzan.eus/kidea/kezka/zumiriki-oskar-alegriaren-filma-eibarren




On Fri, Apr 22, 2022 at 12:48 PM Ane Urkiola <aneurki...@gmail.com> wrote:

> ❤❤❤
>
> El vie., 22 abr. 2022 12:39, Oier Araolaza <o...@dantzan.com> escribió:
>
>>
>> Aupa!
>>
>> Datorren maiatzaren 6rako, Oskar Alegriaren "Zumiriki" filmaren
>> proiekzioa antolatu dugu Euskal Jaiaren programaren baitan. Filma oso
>> ederra da eta pandemia tarteko ez da ikusteko aukera handirik izan. Alegria
>> bera etorriko da filmea aurkeztera. Pelikula oso berezia da. Ezin esan
>> "ohiko fikzioa" kategorian sartzen denik eta ez da dokumental bat ere.
>> Filmaren promoziorako erabiltzen diren kritika-aipuek ere ematen dute
>> pistaren bat zentzu horretan:
>> - "Maisulan ausarta. Argi ikusten da zinema haurtzaroko etxea dela".
>> Ignacio Agüero.
>> - "Ezein filmeren antzik ez duen artelana, memoriaren Robinson Crusoe
>> baten oihartzunean". Eric Pauwels.
>> - "Arimarako festa bat, denboraren antropologia ariketa, maisulan bat".
>> Alan Berliner.
>>
>> Alegria bera da filmeko protagonista eta burutazio bat gauzatzen ikusten
>> dugu: umetan familiarekin txangoan bisitatzen zuten erreka erdiko irlatxo
>> batera itzuli nahi du eta han bizi zenbait hilabetez, berak prestatutako
>> etxola batean eta bera bakarrik. Oroimena, bakardadea, behaketa, familia,
>> paisaia, natura, animaliak, ametsak, oroitzapenak... sentiberatasun eta
>> irudimen harrigarria dario filmari. Txundigarria da. Ibaiertzean isolatu
>> aurretik Pirinioetako azken artzain bakartietako batzurekin bizitako uneak
>> erakusten dizkigu, elkarrizketa eta bizipen hunkigarriz betetakoak.
>>
>> Nire gomendioa: hartu sarrerak (dohain dira, baina hartu behar dira)
>> lehen bait lehen.
>>
>> Zumiriki, Oskar Alegriaren filma
>> Data: 2022ko maiatzaren 6an, ostirala, 19:00etan.
>> Tokia: Coliseo Antzokia, Eibar.
>> Sarrerak (dohain) Coliseoko txarteldegian eta Kutxabanken hartu daitezke
>> dagoeneko.
>> https://dantzan.eus/kidea/kezka/zumiriki-oskar-alegriaren-filma-eibarren
>>
>>
>> OIer.
>>
>>
>>
>>
>>
>> --
>>
>> ____________________________________________
>> Oier Araolaza Arrieta - o...@dantzan.com
>>
>>
>> ________________
>> Mezu gehiago ez jasotzeko, idatzi hona: eibartarrak-ow...@postaria.com
>>
>
> ________________
> Mezu gehiago ez jasotzeko, idatzi hona: eibartarrak-ow...@postaria.com
>


-- 

____________________________________________
Oier Araolaza Arrieta - o...@dantzan.com
________________
Mezu gehiago ez jasotzeko, idatzi hona: eibartarrak-ow...@postaria.com

Reply via email to