Mikel Garmendia, ETBren “Goenkale”ko Joxe Mari, larunbat hil zen 
eta hileta-elizkizuna gaur arratsaldean izango da Donostiako Artzain 
Onaren katedralean. Goian bego Mikel eta gure gomutaz bizi bedi beti 
Joxe Mari.

      Segurutik Mikel Garmendiak islatzen du inork baino hobeto sekula 
izan den lehen euskal aktore-aktoresa profesionalen belaunaldia. Bai, 
behar bada, berandu samar ekin ziolako (37 urterekin) baina baita 
lanbidearen errutinari ere gogotsu atxiki ziolako.

      Oraintsu arte batere administrazio publikorik gabe jardundako 
euskalgintzan,  bat-bateko ahaleginak, gizabanako bakoitzaren behin-
behineko apostuak, unean uneko ekimen solteak eta  heroien pareko 
jokamoldeak zeharo txalotuak eta goretsiak izan dira. Euskal 
gizartearen erakundetzeak (Euskal Autonomi Erkidegoan gutxienik) 
estreinako erakarri du, ostera, gure artean aurretik gutxi landu 
izandako balorea: errutina.

      Zenbaitek gutxietsi eta txarretsi arren, errutina da edozein 
normalkuntza lortu ahal izateko oinarrietakoa. Ezein sistema politikok, 
gizarte-egiturak, enpresa-kudeaketak, kontsumo-merkatuk edo sektore 
profesionalek lehen eta behingoz behar dutena zera da: errutinaren 
segurtasuna. Azterketak, ikerkuntzak zein eraberrikuntzak behar dute 
jenialitate punttua eta suerte pittina baina, zer gerta ere, baita aldi 
berean ezin besteko lan-sistematizazioaren errutina “aspergarria” ere.

      Errutinak ez du balio torlojuak edo txurroak egiteko soilik, 
baita kazetaritza, literatura, gidoigintza eta aktoretza-lanerako ere. 
Irudimena ondo dago, baina irudimenak behar zaitu ganoraz lanean 
harrapatu. Pedro Migel Etxenikek esan ohi duen bezala, edozein lan onek 
behar du %5 inspirazioa eta %95 transpirazioa, lanari darion izerdia 
alegia.

      Mikel Garmendiak eta --are zehatzago-- Joxe Marik ezin hobeto 
ordezkatu izan dute, biek ere, azken hamar urteotan aktore-lanaren 
errutina, berezko guztien gainetik eta vedettismo guztien azpitik.

      Jaioko dira, bai, berriak, baina Mikel eta Joxe Mari dira euskal 
errutinak.

      Amatiño



_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: eibartarrak@postaria.com

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]

Reply via email to