Herenegun berria ekarri zigun Peruk ikastolatik. Astelehenean ikaskide
berria izango dutela, eta errusieraz besterik ez daki mutilak. "Iban" du
izena, Ivan izango da. Errusiarra omen, baina ez Errusiakoa, esan zigun
Peruk. Nongoa? zerrenda osoa bota nion, ea gogoratzen zuen izena: Ukraina,
Bielorrusia, Azerbaijan... Ez. Tira ba, biharamunean Ivanen herrialdearen
izenarekin etortzeko.
Etorri da Peru eta esan diogu. Badakizu herria? "Bai, APATITI".
Apatiti? Apatiti!
Begiratu dugu, eta hor dago. Apatiti. Mapetan eta erreferentzia gehienetan
Apatity aurkituko duzu. Euskaraz transliteratua Apatiti izango da. "Gure
atlasetan" dokumentatu gara, Britannican aurkitu, Tagzanian markatu.
http://www.tagzania.com/item/5567 Hau da Apatity....
Tagzaniako lotura horretan, edo neure blogean ikusiko dituzue irudiak.
http://www.eibar.org/blogak/luistxo/eu/430
- Gertutik ikusita, jaguarraren azala dirudi, edo maien idazkera, edo
kuneiformea
- Urrutiagotik, ikusten dugu non dago. Iparraldean, oso iparraldean.
Apatity zirkulo polar artikotik haratago dago, Kola penintsulan, Errusian.
- Distantzia ertain batetik, Imandra / Avvir (samieraz) lakua ikusten da
Apatity ondoan, eta mendi koloredun batzuk. Hori ote apatitoa?
Garai batean sami edo laponiarrak ziren han, orain gutxiengo urri bat
besterik ez, kolono errusiarren artean. Kolonoen hiria da Apatity, 1966an
sortua (ni jaio nintzen urtean!) eta 70.000 biztanlerekin Kola penintsulako
bigarrena. Apatito minerala dago inguruan (euskaraz omen apatitoa,
gaztelaniaz apatita, eta ingelesez apatite), eta haren ustiaketarako sortu
zen hau. Irudikatzen dut Kola penintsulako hiri guztiak halakoak direla:
meatzarienak, muga-mugakoak; jendea kolono zailduak edo Murmansk-eko
portuko marinel eta militarrak...
Ez dakit askoz gehiago herri hartaz. Gauza bat bakarrik. Gaur, edo bart
gauez, dela edo izango zela ekinozioa, udazkenean sartzen garen unean. Eta
oraintxe dela, udaberriko ekinozioaz gain, Apatityk eta Euskal Herriak bat
egiten duten unea: bi tokietan, eta mundu osoan, gauak eta egunak luzera
bera dute, 12 ordukoa, eta mundu osoan sinkronizatua. Atzo, egunak
luzeagoak ziren Apatityn hemen baino, bihardanik, gauak luzeago izango dira
han, abenduan iluntasun osoan sartuko diren arte (ekainean 24 ordutako
argia zuten bezalaxe). Munduaren biribiltasunaren eta errotazio ardatzaren
desbiazioaren ondorioa: latitude eta longitude kontua, azken batean,
Tagzania bezala.
Ekinozioak batu ditu Apatity eta Donostia, elkartu ditu Peru eta Ivan. Ongi
etorri, Ivan eta familia. Apatityko lehen euskalduna izango da.
Luistxo
_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: eibartarrak@postaria.com
http://www.eibar.org/zerrenda
harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]