Ezagutzen ditut nik Osetiako eskolako sarraskiaren irudiak agertu 
zirenean telebista itzali zuten gurasoak, alboan zituzten haurrek 
trajedia hura ikusi ez zezaten. Erreakzio hori bat-batekoa da, ez da 
aurretik ikasitako jarrera, ez denboraz pentsatutako erabakia.
 
    Galdera ezin bestekoa da:  Zergatik gurasoek mozten dituzte 
Txetxeniako terroristen ekintzak eta ez, ostera, esate baterako, 
Terminator-en gehiegikeriak edo Markoren larrialdiak? Ba lehenengoak 
egiazkoak direlako eta bigarrenak, aldiz, fikzioa baino ez. Eta esaera 
zaharrak besterik dioen arren, errealitatea beti delako fikzioa baino 
gehiago. Onerako edo txarrerako.

      Zenbait  filme eta telebista-programaren fikziozko biolentziak, 
sexuak eta morboak  sarri eragin izaten dituzte kritika, polemika eta 
kexu asko, egiazko biolentziak, sexuak eta morboak inor gutxi 
asaldarazten duten bitartean. Berrogeiren bat urte dira zenbait 
komunikabide-aditu hasi zirena esaten errealitatea (zentzurik 
zabalenean) fikzioa baino askoz ere eranginkorragoa zela eta, beraz, 
baita dezente arriskutsuagoa ere.

      Glasgow Unibertsitateko soziologoa zen 1986 urtean neri esan 
zidana, Eskoziako haurrengan eragin kaltegarriago zutela Ipar 
Irlandatik jasotzen zituzten albisteetako informazio-bideoek, filme 
amerikarrik gogorrenaren biolentzia-irudiek baino. Hala ere, ez gizarte 
zibilak eta ez politikoak ez dute sekula polemika hau biztu nahi izan. 
Errazago, erosoago eta... demagogoagoa da telebistetako 
programatzaileei errua leporatzea. 

     Haurrak umeak dira baina ez ergelak. Haurrek badakite zer den 
errealitatea eta zer den fikzioa. Haurrek badakite Osetiako haurrak 
eurak bezain benetakoak direna eta, beraz, eurei ere gerta dakiekeena. 
Haurrek ondotxo dakite Matrixen desintegrazioak joko digital 
distiratsuak baino ez direna eta Beslango gimnasio zaharra, ostera, 
bene-benetakoa. Haurrek badakite gaur egungo zenbait “reality” gau 
erdiko pornoa baino lizunago eta obszenoagoak direna.

     Eta, Osetiako irudiei esker, badirudi azkenean gurasoek ere ikasi 
dutela.

     Amatiño


_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [EMAIL PROTECTED]

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]

Reply via email to