Antoni Castells Bilbon izan dugu ekonomiaz eta politikaz berba egiten. 
Castells, Lluís Llach-en hainbat kantaren letragilea izateaz gainera, 
ekonomilaria da eta, hain zuzen ere, Kataluniako Ekonomia Sailburua. 

         Euskadi eta Kataluniaren ekonomiek sekulako gorakada egin dute azken 
hogei urteotan. 1986an, Europako Batasunean sartu ginenean, gure Barne Produktu 
Gordina Europar Batasuneko hamabost estatuen ehuneko 88 zen. Hau da, batez 
beste, hamabi puntu behetik. Orain, ostera, hemeretzi puntu goitik. Hau da, 
hogei urtean, hogeita hamaika puntuko gorakada egin dugu. 

         Castellsen ustez, nazioarteko lehiakortasuna ez da enpresen artean 
soilik jokatzen, baita lurraldeen artean ere. Eta  Westfalia-Renania, Lonbardia 
edo Bavariaren ildotik, errejio europarren zerrendan goiari eusteko, hiru omen 
dira baldintzak.

         Lehenik, azpiegitura onak. Esaterako, batetik, portuak, aireportuak, 
abiada handiko trenbidea eta merkantziak banatzeko garraio modernoak; bestetik, 
informazioa eta ezagutza abiatzeko komunikabide telematikoak; baita 
energia-azpiegiturak ere.

         Bigarrenik, behar-beharrezkoak omen dira hiritarren prestakuntza eta 
trebakuntza segurtatuko dituzten hezkuntza-sistema ona eta unibertsitate-maila 
handia. 

         Eta, hirugarrenik, enpresa-sare errotua eta aurreratua, eta erabaki 
sakonak hartzeko ahalmen eta borondate politikoak.

          Modelu honek funtzionatu egin du azken hogei urteotan Euskadin.  
Modeluaren arrakasta begi bistakoa da Europan zehar. Zenbaitek esan  dezake 
nahiago lukeela beste modeluren bat. Bapo, baina esan dezala zein den 
alternatiba eta, hori bai, oso garrantzitsua gero, segurtatu diezaigula 
herritarroi, gutxienik, beste horrenbesteko arrakasta.

 

Amatiño

Goiz kronika

Euskadi Irratia

2007-11-27

_______________________________________________
Mezuak bidaltzeko: eibartarrak@postaria.com

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]

Reply via email to