Hamar dira, hamar, honez gero ETAk aurten zabaldu dituen agiriak eta,
aurreko ostegunean bota zuen atzenaren arabera behintzat, ezin esan gero
guztiok itxaro dugun bake-bidea errazteari ekin dionik. Ez horixe. Esanak
esan, ETAk euskal politikaren Kapitain Trueno izaten jarraitu nahi du,
antza, eta “Maité” filmean Obdulio kubatarrak euskaldunei gogoratu bezala:
“Eso ya no se lleva”. ETA modaz kanpo dago eta ez da konturatzen edo... ez
du konturatu nahi.

        ETA zeharo errealitatez kanpo dago, bai, baina ez soilik armen 
erabilpenak
ezelango onarpenik ez duelako berak defenditu nahi omen dituen euskal
herritarren artean, baita ere honez gero ezein alderdik –ezta Batasunak ere—
ez diolako ETAri berari onesten batere erabaki-ahalmenik euskal
politikagintzan.

        Urtebete joan da Batasunak Anoetan proposatu zuenetik gatazka kaleetatik
ateratzea, bitarteko politikoez baino ez baliatzea eta negoziazioa bi
mahaitan egitea (Estatua-ETA, bata; alderdi politikoen artekoa, bestea)
baina, hala ere, ETAk jarraitzen du oraindik ere amore eman ezinik, bere
eskizofrenia horri buelta eman ezinik, eta alderdiei esaten bere ustez zer
egin beharko luketen eta zer ez.

        Berrogeita bost urte askotxo dira segurutik eta, sasiabangoardiaren
nostalgia gainditu ezinaren ezinez,  ETAk bere buru erretiratu nahi ez duen
agure egoskor, setati eta tematsuak bezala amore eman ezinik jarraitzen du,
herriaren  salbatzailearenak egin gurarik, alderdien doitasunaren
galbahearenak egin nahirik, euskal esentzia politikoen gordailu bera balitz
bezala.

        ETA ez da inoiz, sekula gero, demokrata izan baina denbora aski izan du
ikasteko, erabaki eta proposamenetan asmatu edo ez, alderdiak euren buruaren
jabe direla. Errealitatearen mugaz handik ez balego, dagoeneko ETAk ulertu
beharko luke alderdiek ez dutela euren erabaki-ahalmena Dick Turpinen
eskutan utziko eta, gainera, txarrenean ere, alderdiek gutxienik lau urtetik
behin herri-azterketa pasatzen dutela... ETAk sekulan egin ez duena, hain
zuzen ere.

        Amatiño


_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: eibartarrak@postaria.com

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]

Reply via email to