Niretzat kontua ez da zezenketak artea eta kultura diren ala ez. Arteaz eta kulturaz egiten dugun definizioaren araberakoa izango da hori, eta ziur aski, definizio askotan izango dute kabida. Baina artea eta kultura izateak ez du saihesten basakeria eta animalien aurkako tratu txar izatetik, eta beraz, ez dakit debekatu, baina gutxienez erakunde publikoetatik ez lirateke sustatu eta lagundu beharko. Oso kuriosoa da urte gutxitan animalien sufrimendua oinarri zuten hainbat jai eta ospakizun debekatu egin direla, eta zezenketak, ez debekatu baizik eta gainera denok diruz laguntzen ditugula. Adibidez, Lekeitioko antzarretan dagoeneko ez dira antzarrak bizirik erabiltzen. Gipuzkoako zenbait herritan orain gutxi arte oilasko-jokoa izaten zen jaietako ospakizun nagusietako bat, eta gaur egun debekatuta dago. Debekuak debeku, nik aurten bertan oilasko-joko bat ikusteko aukera izan dut, isilpean ospatzen diren horietako bat, eta jai oso polita iruditu zitzaidan. Baserrian oilasko bat akatzen ikusi duenarentzat, oilasko jokoari ez dio inolako krudelkeria zantzurik antzematen, baina nik ulertzen dut gaur egun animalien sufrimendua ez dugula normalean begi aurrean ikusi nahi, eta oilaskoei ezpata batekin lepoa mozten ibiltzea festa egiteko ez dela batere txukuna. Beraz, ondo iruditzen zait Udalak ez parte hartzea oilasko-jokoaren antolaketan, baina oraindik gehiago gertatu da, Jaurlaritzak debekatu egin baititu oilasko-jokoak.

Zezenketekin ordea ez dago horrelako arazorik. Ez debekatzeaz gain diruz-laguntzen dira. Eta Eibar dugu horren adibide. Aurten bertan prentsa arrosako bi pertsonaia (Jesulin de Ubrike eta Ortega Cano) etorriko omen dira animaliak torturatzen duten "artea" erakustera, eta postura egingo nuke, eibartar guztiok (plazara joango direnek eta joango ez garenok) lagunduko dugula ordaintzen basakeria artistiko hori. Eta hori bai iruditzen zait salatzekoa dela. Gainera etorkizun latza dugu Eibarren zezenketa kontuekin. Alkatearen idazkari berria nor eta Eibarko Zezenzaleen peñako presidentea da. Ez izan zalantzarik inoiz baino gehiago inbertituko dela datozen urteotan "Artean eta Kulturan".

oier.
_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: eibartarrak@postaria.com

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]

Reply via email to