Aupa Maite, eskerrik asko kronikagatik!

Hau zurrunbiloa oraindik buruan dudana, atzoko sentsazio gozoekin... ea kapaz 
naizen fundamentuzko zerbait idazteko.

Hasteko, han egon zineten zerrendakideei eskerrak: Serafin, sekulako poza hartu 
nuen zu ikustean; hanka herren eta guzti etorri zen Serafin. Eta Mendigreen, 
Maite, Iturri, Iban, Azpi... eskertzen da holako lagunak aurkitzea. Pena 
bakarra, hainbeste lagun eta ezagun topatuta, ezin izan nuela bakoitzarekin 
patxadaz hitz egin. Hurrengo batean lasaiago.

Emanaldiari dagokionez, niretzat, eszenatokian eta hiru musikari handiz 
inguratuta, hitz bakarra: plazera. Karraspera apur bat izan nuen Izaskuni 
buruzko testuan, eta azkenean, ezin aguantatuta, eztul egin nuen ganoraz eta 
kito. Hortik aurrera (eta ordura arte ere), gustura. Oso gustura. Oholtzan, 
geure artean ezer esan gabe ere, igarri egiten zen dena ondo zihoala; nahikoa 
zen begirada batzuk botatzea Txumari edo Rafari (Natxo bateria atzean nuen, 
ezin begiratu), konturatzeko eurak ere disfrutatzen ari zirela eta gustura 
zeudela gure inbento berriarekin.

Eta berria diodanean, berria da: atzoko saioa izan zen, estreinaldiaz gain, 
talde osoaren lehenengo entsegua (Txumak eta biok egin genuen entseguren bat, 
eta musikariek ere bai euren aldetik, baina ez laurok batera). Beraz, arrazoia 
duzu diozunean zenbait gauza oraindik findu egin behar direla: testuak 
dagoeneko mila aldiz orraztu ditugu, baina soinuak eta loop-ak falta dira 
oraindik. Atzo asmoa genuen efektu horiek sartzeko, baina ez zen posible izan. 
Gainera, testu luzeetan, bateria erritmoak eta teklatuak sartuko ditugu 
seguruenik (atzo inprobisazio eder pare bat egin zuen Rafa Aceves piano-joleak, 
hammond soinuarekin, eta itzel geratu ziren). Zuk esan duzun, bezala, hurrengo 
boloetarako hori dena.

Taldea, zer esan. Ikaragarria. Txumak ez du aurkezpenik behar, Txuma beti 
Txuma. Beste biak birtuoso handiak dira: Natxo Beltran, Atom Rhumbakoa, bikain 
atzo eskobillekin eta formatu txikiak bateria bati ematen dizkion ohiko muga 
guztiekin. Eta Rafa Aceves... izugarri. Berak dio ezer ez dakiela ondo jotzen, 
baina dena jotzen du, eta zelan. Musikari handiak eta tipo jatorrak.

Eta gainera, Mendigreenek esan zuen bezala, Anoeta leporaino bete genuen. Ezin 
gehiago eskatu!

Eta amaitzera noa, testu honek nire ex-blogeko kronika musikal amaigabe 
haietako baten itxura hartu baino lehen.

j.
      
                
---------------------------------

LLama Gratis a cualquier PC del Mundo.
Llamadas a fijos y móviles desde 1 céntimo por minuto.
http://es.voice.yahoo.com
_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: eibartarrak@postaria.com

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]

Reply via email to