Julio Caro Baroja historilariak esana da: “Euskal Herriak garai 
oparoak bizi izan ditu itsasora begira jarri denetan eta krisialdi latzak, 
aldiz, bizkar eman dionean”. Zalantzarik ez gero Don Juliok pozarren hartuko 
lukeela datorren astetik aurrera irekiko den Bilbo eta Brujasen arteko 
itsas-autopista.

Flandria eta Euskal Herriaren arteko harremanak ez dira bart gauekoak. Euskal 
merkataritzak Bilboko Kontsulatua izan zuen zabalik hainbat mendetan. Baita 
Bizkaiko Etxea ireki ere. Oraindik ere 'Bizkayers Plaatz' izeneko enparantza 
dago gaur egungo Brujasen bertan, munduan zehar euskaldun guztiak bizkaitartzat 
hartzen gintuzten garai haien gogoangarri.

Kanta zaharrak ere Euskal Herriko eta Flandriako  itsas-harreman haien lekuko 
dira. Nork ez du gero noizbait kantatu:

 

Jeiki, jeiki etxekoak,

argia da zabala,

argia da zabala¡

Itsasotik mintzatzen da

zilarrezko tronpeta.

Baita ere ikaratzen

olandresen ibarra,

olandresen ibarra¡

 

        Olandresak… holandarrak eta flandriarrak aldi berean adierazteko euskal 
hitz hibridoa, Holanda eta Flandria XVI. mendean elkarrengandik banatu baino 
lehenagokoa.

Segurutik,  euskaldunok ez dugu gehiago balearik hartuko. Behar bada, ez gara 
gehiago korsario edo pirata izango. Auskalo arrantzale soil izaten ere 
jarraitzerik izango ote dugun… Baina, edozein modutan, itsasoak hor aurrean 
dirau. Eta Julio Caro Barojak sumatu bezala… ez nonbait alferrik¡

 

Amatiño

 

Goiz kronika

Euskadi Irratia

2007.09.18

_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: eibartarrak@postaria.com

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]

Reply via email to