Atzo  Eibarren izan zen Gipuzkoako Diputatu Nagusia 2013rako aurrekontuak
aurkezten eta herritarren galderak, iritziak eta ekarpenak jasotzen. Martin
Garitano Diputatu Nagusia, Jon Peli Uriguen Landa garapeneko, berrikuntzako
eta turismoko diputatua eta Aitziber Iartza, Komunikazio zuzendaria aritu
ziren hizketan. Portaleko areto nagusian ez ginen asko batu, hogei bat
lagun inguru. Iruditu zitzaidan gehienak Bilduren ingurukoak zirela, eta
horiez gain Nagusien Kontseiluko ordezkariak, eta beste hiruzpalau
norbanako.

2012ko balantzea eta 2013ko aurrekontuak aurkeztu zituzten Garitano eta
Uriguen artean, eta ordubete pasa joan zen horretan. Gizarte politikaren
aldeko apustua egiten zutela adierazi zuten, aurrekontuaren %50 horretara
bideratuz. Inbertsioetan, Deskarga izango da azpiegituretan egingo den
inbertsio ia-bakarra. Deba bailarak autopista peajeen kontuarekin bizi izan
duen injustizia konpontzeko hartu dituzten neurriak (gehienez 25 euro
hilean ordainduko dituzte gipuzkoarrek autopistan) azaldu zituen. Kultura
Sailean %11ko jaitsiera kalkulatu nuen eman zituzten datuen arabera, eta bi
proiektu estrategiko azpimarratu zituzten: Tabakalera eta Donostia 2016.

Ondoren galderen txanda ireki zuten. Aurreikusi bezala gizarte gaiek hartu
zuten pisu handiena. San Andres ospitalaren finantziazioaz galdetu zuten,
eta Garitano gizarte politika orokorraz hitzegiten hasi zen, eta zehazteko
eskatu zizaionean adierazi zuen ez diputazioak ez duela sos gehiago jarriko
horretarako, ez dagokiolako eta ez daukalako. Eibarko Eguneko zentroak
eskaintzen dituen plaza kopurua beste herriekin alderatuta oso txikia dela
aipatu zuen Nagusien Kontseiluko ordezkariak, eta ea 2012an hori handituko
den. Ez zuen erabat argitu hori, baina itxura denez ez dago dirurik
horretarako. Elgoibarko San Lazaro egoitza tokiz aldatzeko proiektuaz
galdetu zuten eta horretarako ere ez da aurreikusten dirurik 2013an.
Iraupen luzeko langabetuen egoeraz aritu zen pertsona bat, baina kanpoko
eta bertakoen arteko diferentziekin apaindu nahi izan zuen asuntoa, eta hor
Garitanok oso ondo erantzun zion nire ustez, horrelako usteei ezin diegula
ausporik eman esanez, ez baitira egia, eta larritasun handiko egoerak
daudela, eta horiei erantzun beharra dagoela, nongoak diren begiratu gabe.

Eibar-Maltzaga bidegorriaren inguruan ere galdetu zitzaion. Eta hasieran
baietz esan zuen, aldundiaren prioritateen artean zegoela, baina zehazteko
eskatu zitzaionean argitu zuen 2013rako ez duela aurrekontu zehatzik
proiektu horrek, eta ez dirudi ezer egingo denik horretaz 2013an ere.

Nik bi gauzatxo esan nituen. Ekarriz zuten diputazioko ordenagailuaren
windowsa eta office powerpointa ikusita, eta sailen batean IKTak bultzatzea
aipatu zutenez, gonbidatu nituen GFA software librearen arrastoan sartzera,
eta horren aldeko apostu estrategikoa egitera. Garitanok erantzun zidan
gezurra zela Diputazioa ez zegoen software librea bultzatzen (nik ez nuen
horrelakorik esan, gonbidatu egin nituen horren alde egitera) eta zakar
esan zidan idatzita zutela hori. Nik esan nion halaxe egongo zela, baina
software librearen alde software ez libre batean idaztea nahiko absurdoa
zela, hori "bizikletaren alde kotxetik hitzegitea bezala da", esan nion.
Jon Peli Uriguenek esan zidan baietz, GFAk baduela software librearen alde
egiteko borondate argia, eta aztertzen ari direla software enpresekin
hartuta daude konpromezu guztiak alor bakoitzerako ordezkapenak
programatzeko. Aitziber Iartzak ere esan zidan hartu berri duten erabaki
baten arabera hemendik aurrera berritzen edo egiten diren diren
Diputazioaren webgune guztiak software librean egin beharko direla.

Azkenik, gauden egoera ekonomikoan administrazioaren indarrak gizarte
politikei bideratzea erabat lojikoa eta beharrezkoa zela esan nuen,
lehentasunak lehentasun direla, eta orain horixe dela egiteko nagusia.
Baina zati horrek aurrekontuaren %50a hartzen duela, eta badagoela beste
%50 bat aurrekontu beste zereginetarako erabiliko dena. Gizarte politikak
zauriak artatzea duela helburu, eta hori egin beharrekoa dela, baina
horrekin batera, krisi honetatik atera, edo gutxienez krisi honekin ahalik
eta ondoen konpontzen hasteko oinarriak jarri behar ditugula. Eta hori
egiteko inbertsioei begiratu behar diegula. 2013rako DFAk aurreikusitako
inbertsio ia-bakarrak azpiegiturei dagozkionak dira (Deskarga bukatzeak
hartzen du ia guztia), eta horiek ere beharrezkoa dira. Baina krisitik
atera edo krisiarekin moldatzen ikasteko beste alor batzuetan ere inbertitu
beharko dugula: zientzia, teknologian, garapenean, hezkuntza, osasunean eta
kulturan, bai, kulturan ere bai. Gizarte kulturalki bizi eta dinamiko bat,
gizarte sortzaile bat krisiari aurre egiteko hobeto prestatuago egongo dela
defendatu nuen, eta beraz, kulturako aurrekontuak inbertsiotzat jo beharko
genituzkeela eta ez gastutzat.

Zehazki kultura aurrekontuei begiratuta, azken urteotan urritzen-urritzen
joan direla, ez direlako inbertsiotzat hartzen, gastutzat jotzen direlako.
Aurrekontuen murrizketa hori kultura sarea ahitzen ari da, desegiten,
dauden sos apurrak proiektu erraldoiek (Tabakalera, Donostia 2016) jaten
dituztelako, eta guzti hori kezka handiz ikusten dugula esanez bukatu nuen.

Garitanok erantzun zidan esanez diruak urriak zirela, erdia gastu soziala
zela, azpiegituretan inbertitzen zutela ahal zen guztia, eta hori ez zela
bateragarria kulturan gehiago "gastatzearekin". Jarrera oso zurruna
antzeman nion, ez zuen nire mezua hartu, ez nuen insistitu eta hor bukatu
zen saioa. Ondoren Aitziber Iartza hurbildu zitzaidan eta esan zidan
kultura inbertsiotzat hartzea lantzen ari ziren kontua zela, eta zehazki,
Donostia 2016ri buruzko aurrekontuak "inbertsio" moduan konsideratuak izan
zitezela lortu zutela eta ez "gastu" bezala. Esan nion proiektu erraldoi
horietan xahutzen ari zirela kulturako diru apurrak, trukean kulturgileen
sarea deseginez, eta esan zidan Donostia 2016 oso proiektu irekia eta bizia
zela, Gipuzkoa osoa  hartzen zuena eta bertara hurbiltzera gonbidatu
ninduen. Egingo nuela erantzun nion eta eskerrak emanez agurtu nuen.

Zapore gazi-gozoa geratu zitzaidan. Batetik, pozgarria iruditzen zait
diputatu nagusia herrietara etortzea aurrekontuak azaltzera, eta jendearen
ekarpenak entzutera. Atzo Eibarren izan zen, baina hilabete honetan
Gipuzkoako hainbat herri (Bergara, Beasain, Hernani, Tolosa,...) bisitatuko
ditu, eta jendeari, zuzenean galdetzeko, proposatzeko eta eztabaidatzeko
aukera ematea oso jarrera ona iruditzen zait bere aldetik. Baina bestetik,
herritarren erantzuna nahiko flojoa eta lerratua izan zen, eta hor begiratu
beharko da zergatik gertatzen den hori horrela. Eta azkenik, hasierako
asmoa herritarron ahotsak entzutea zela esan arren, praktikan denbora
gehiena beraiek hartu zuten, eta herritarren txanda izan zenean ez dut uste
Garitanok entzuteko jarrera egokia izan zuenik. Iruditzen zait bere
kudeaketa defenditzera jotzen zuela azkarregi eta irmoegi, eta horrek,
herritarren ahotsak behar bezala entzun eta jasotzea galarazi ziola.

oier.

-- 

____________________________________________
Oier Araolaza Arrieta - o...@dantzan.com
_______________________________________________
Harpidetza eteteko, bidali mezua hona:   eibartarrak-requ...@postaria.com
izenburuan jarriz 'unsubscribe' (horixe bakarrik, komatxo barik)

Ondoren konfirmazio mezua jasoko duzu harpidetza-etetea berresteko.

Reply via email to