Oier, oso ona idatzi dozuna! Errazoi osua dakazula uste dot, eta zabaltzeko
modukua dala pentsatzen dot. Zegaittik ez dozu kopi-pega bat egitten, para
bat gauza doitzen eta atontzen eta blogian jarri? Hausnarketa
interesgarrixa da, benetan.

Beste datutxo bat be badakat nik, aspaldikua. Oiñ urte batzuk Hiesaren
kontrako komisiñokuak Eibarko udalari udaletxeko balkoian lazo gorrixa
jartzeko eskatu zetsen Hiesaren kontrako egunian. Ezetza jaso eben; izan
be, balkoi horretan bandera ofizialak eta tapiz hori (jaixetan jartzen
dabena) baiño ezin ei da jarri. Haindik denpora batera, Eibar futbol
taldiak igo edo bajatzeko arriskua edo… zekan. Eta ze agertu zan balkoian?
futbol taldeko banderia!!!

Kontua da, foballa herrixen ikur bihurtu dabela, identidade ikur. Eta ezin
da izan!  Aurretik eruaten dau parian jartzen jakon guztia, bardin da zer
eta zein dan! Eta gainera, alfonbra gorrixakin!

leire, neu be higoinduta


Oier Araolaza<o...@dantzan.com> igorleak hau idatzi zuen (2013 ekaina 16
11:47):

>
> Aupa Eneko, barkatu nik ere tonua gehiegi igo badut. Emotikoia ikusi
> arren, "deja vu" hori "badator hau betiko matraka berarekin" esan izan
> bazenu bezala sentitu dut, eta nire sentsazioa da lehen mailako gaia dela
> hau, baina futbolarekin oro har dagoen identifikazio sentimenduari esker
> ihes egiten zaiola gaiari.
>
> > 1 -  Errespetuz diotsut, baina obsesionatuta ikusten zaitut futbolaren
> gaiarekin.
>
> Ez, ez nago obsesionatuta, baina oso kezkatuta bai. Gertatzen dena da,
> beste gai eta alor batzuetan zorrotz eta inplakablea den jendeak,
> futbolarekin "beste alde batera" begiratzen duela iruditzen zaidala.
> Futbolarekin gertatzen diren kontu berak beste edozein alorretan
> onartezinak eta salatuak dira, eta inor ez da agertzen horiek defendatu eta
> erlatibizatzera, beraz, ez dago eztabaidarik, onartu eta kitto. Baina
> futbolean gauza horiek salatuz gero, beti dago jendea edo defendatu edo
> erlatibizatu nahian, zama arindu nahian. Eta ez nago hori onartzeko prest.
> Futboleko iruzurra, inpunitatea, defenda ezinezkoak diren diru-laguntzak,
> faborezko tratu sistematikoa,... gauzak horiek salatzen direnean
> asaldagarria iruditzen zait beste alor batzuetakoak parean jarri nahi
> izatea. Zer adierazi nahi da horrekin? Onargarriagoak dira horregatik? Nik
> benetan uste dut futbolak tratu berezia duela, iruzurgileen artean ere
> klaseak daudela, eta futbolak lehenetasunezko tratua duela, eta beste inori
> onartzen ez zaizkionak onartzen zaizkiola. Baina hala ez balitz ere, beste
> iruzurgileen moduan tratatuko balitz ere, futbolaren iruzurra salatzen
> dugunean beste alor batzuetakoak mahairatzeak ez du bere zama arintzen,
> kontrara, nire begietara oraindik okerrago egiten du, kontu horietan
> erantzunkizunik ez duen jendea ere "kapote" bat bota nahian dabilen itxura
> ematen baitu.
>
> > Zu zeuk diozu* "nik eskatu gabe, behin eta berriz sartzen delako nire
> bizitzan."*  Gauza batekin edo beste batekin, guztioi gerta ahal zaiguna
> da, baina ez da ona nire ustez. Nondik zetorren mezu-haria ikusita, apur
> bat lekutik kanpo iruditu zitzaidan zure erantzun-mezua. Horregatik
> txantxetako "-1" eta emotikoia. Baina beno nire iritzia da, besterik gabe.
> Igoal oker nabil. Barkatu horrela bada.
>
> Azken urteotan, lau aldiz, data hauek hurbildu direnean, lau aldiz
> zuzen-zuzenean sartu zaigu Eibar futbol taldea gure jardueretan. Eta beti
> kalterako. Kategoriaz igotzeko aukera zuela eta, Untzaga plaza beraien
> (zuen?) ospakizuna egiteko "libratu" beharra zegoela, eta Euskal jaiko
> karpa tokiz aldatzera behartu gaituzte. Ondorioz, urte osoan prestatutako
> jaialdia, ezin izan dugu aurreikusita geneukan plazan (harmailak dituena)
> ospatu. Urte osoko prestaketak, ensaioak, atzerritik taldeak ekarri, diruak
> lur azpian bilatu, plaza erabiltzeko baimenak garaiz bideratu,,... data
> etortzen da, eta azken astean esaten digute futbol partida baten ondoko
> ospakizuna dela eta ezin dugula 700 lagun ederki hartzen dituen plaza
> erabili, eta horren ordez harmailarik gabeko plazan egin behar dugula. 
> Imajinatzen
> duzue guk dantza ekitaldi bat Ipuruako zelaian egin nahi dugulako mailaz
> igotzeko azken partidua Anexoan jokatzea? Ba oraindik okerragoa da, ze
> beraiek ez zuten plazan jokatu nahi. Kategoriaz igoz gero ospakizunak
> egiteko nahi zuten plaza. Batzuetan plazaz mugitzera behartu gaituzte,
> beste batzuetan dantza ekitaldiaren ordutegia aldarazi digute,... Batzuetan
> guri tokatu zaigu, eta beste batzuetan Rugbikoei, beraien jarduerak
> antolatzeko dirua lortzeko jartzen duten garagardo karpa egun batzuk
> lehenago (asteburua!) kendu araziz ospakizuna dela. Eta inork ez diezadala
> esan gero Udalak kalte-ordainak ordaindu zituela, ze horrek bai asaldatzen
> nauela, denok dirua jartzea futbolaren kapritxo batengatik....
>
> Bai Eneko, futbola, * "nik eskatu gabe, behin eta berriz sartzen delako
> nire bizitzan."*  Eta mezu-haria nondik zetorren ikusita, lekutik kanpo
> irudituko zitzaizun, baina niri ez, ze hain zuzen ere berriz ere kategoriaz
> igotzeko partidak jokatzen ari da Eibar, eta horren ingurukoa zen
> mezu-kateari hasiera eman dio mezua. "*Badakit futbola batere axola ez
> zaizuela hemengo askori,*" esan digu Josuk, eta horri erantzunez hasi da
> eztabaida, ze nik nahiko nuke axolarik ez izatea, baina tamalez axola zait,
> eta neure borondatearen kontra Eibarren partida egutegia begiratu behar
> izaten dut, handik edo hemendik zipriztintzen gaituelako beti.
>
> Aipatutakoak niri zuzen-zuzenean eragiten didaten kontuak dira, baina
> horietatik haratago, futbolak modu askotara eta alor askotan eragiten digu,
> modu kaltegarri batean gehienetan. Hasteko ez zait iruditzen futbolak balio
> positiboak transmititzen dizkienik ez gazteei eta ezta gizarteari.
> Lehiakortasun itsua, arrakastaren eredu desegokia (ikasketak aintzat hartu
> gabe 18 urteko mukitsuak idolo, aberats eta eredu bihurtzen dituena),
> forofismoren gorazarrea (futbol zelaietako giro izugarriaz hitz egitean
> zertaz ari dira, mozkorti irainzale saldoen borregismoaz?), bortzikeria
> berbal eta fisikoarekiko permisibitatea, misoginia iraingarria (beste
> edozein eremutan onartezina litzatekeena),...
>
> Futbolaren sistema mutil gazte gehienak kiroletik eta aisialdeko beste
> edozein jardueratik kanpo uzten ari da. Nik beti entzun dut eskolako
> atarietan droga oparitzen zutela gameluek, umeak zaletzeko. Baina suerte
> txarra izango nuen, ze nire parean inoiz ez dira tokatu droga-mezenas-ak.
> Niri eta nire seme-alabei futboleko albumak eta kromoak oparitu dizkigute.
> Ikastolara futbolari batzuk eraman eta umeei futboleko kamiseta eramateko
> eskatzen diete. Mutilak, ume umetatik, sistematikoki futbolera bideratzen
> ditugu. Baina futbolaren sistemak ez dauka interesik gazte kirolzale eta
> osasuntsuak sortzen laguntzeko. Bere interes bakarra lehen taldean jokatuko
> duten futbolariak lortzea da. Eta umeari, horretara ez dela iritsiko
> antzematen dioten une berean ostikoa ematen diote eta kalera. Futbolak
> esklusibitatea eskatzen dien gaztetxoei. Gure dantza taldean urtero urtero
> 11-12 urtera hurbiltzen diren mutil apurrek utzi egiten dute dantza
> esklusiboki futbolera dedikatzeko. Handik 2-3 urtera %99,9a futboletik
> "bota" egiten dute, eta askok eta askok ez dute inoiz beste kirol
> jarduerarik egiten, ezta inolako aisialdiko jardueratan parte hartzen ere.
>
> Futbolaren "inperioa" mutil gazteekin eragiten ari den triskantza hori oso
> ongi ezagutzen dute beste kirol guztiek. Gipuzkoako Diputazioak azken 4-5
> urteetan futbolaren munduarekin izan duen "gerra" da horren ondorioa.
> Diputazioa Jaurlaritzak ezarritako legea aplikatzen ahalegindu da, gazteek
> kirol desberdinak probatu eta gehiegizko konpetibitatea ahalik eta
> beranduen ezarriz. Baina aurrez aurre izan ditu futbol klubak, federazioa,
> Diario Vasco eta... futbolaren zaletuen mundua. Iruzurrarekin bezala,
> kirolaren sustapen eredu desegokiarekin futbolaren zaletuek "beste aldera"
> begiratu dute, eta horren kalteak gizarte osoarentzat dira.
>
> Nire lehen mezura itzuliz, argi utzi nahi dut benetan sentitzen dudala
> esandakoa, ez dela purrustada soil bat. Futbolak duen gehiegizko indarrak
> kalte izugarria egiten dio gizarte honi. Kirol bezala oso joko osasuntsu
> eta entretenigarria izango da, baina gizartean daukan posizio hegemonikoak,
> eta hartu duen lehiakortasun itsu eta forofismo mailak kalte larriak
> eragiten ari da. Noski horrek ez duela zerikusirik lagun arteko partida edo
> hondartzako gozatuekin. Ez, sistemaz ari naiz, batere onuragarria ez den
> sistema hegemoniko eta anker batetaz. Nik uste dut badela garaia
> futbolzaleek salaketei indarra kentzen ibiltzeari utzi, albo batera
> begiratzeari utzi eta benetan gertatzen ari denaren kritika egiteko. Beste
> alorretako bidegabekeriak apuntatzen edo ostrukarena egiten ibiltzeak ez du
> ezkutatuko gertatzen ari dena. Eta tristea da. Benetan.
>
> oier.
>
> _______________________________________________
> Harpidetza eteteko, bidali mezua hona:   eibartarrak-requ...@postaria.com
> izenburuan jarriz 'unsubscribe' (horixe bakarrik, komatxo barik)
>
> Ondoren konfirmazio mezua jasoko duzu harpidetza-etetea berresteko.
>
_______________________________________________
Harpidetza eteteko, bidali mezua hona:   eibartarrak-requ...@postaria.com
izenburuan jarriz 'unsubscribe' (horixe bakarrik, komatxo barik)

Ondoren konfirmazio mezua jasoko duzu harpidetza-etetea berresteko.

Reply via email to