Nik itxialdia bi tokitan egiten dihardut, eta nahiko aspertuta nagoenez, 
kontatu egingo dizuet:
Asteazken goizerarte etxean, familiarekin, guztiok moduan.
Eta asteazken goizean Donostiako Ama-haur ospitalera etorri nintzen, eta 
ebakuntza egin zidaten, mastektomia&berregitea eskumako bularrean, hilaren 1ean 
iragarri zidatena.
Asteazken iluntzetik gelan sartuta nago, ordutik ordura indartsuago. Gaur 
goizetik gainera behar bezala garbituta, lentillak jantzita eta ezpainak 
margotuta. Urrats ezereza munduarentzat, ikaragarri garrantzitsua niretzat.
Ospitaleko zati hau oso lasai dago, larrialdiak eta onkologikoak ez diren 
jardunak eten dituzte, eta gaixo bakoitzeko lagun bat baino ez dute onartzen, 
beraz, lasai eta ixil. Miretsita naukate langile guztiek, %99 emakumeak, 
garbitzaileak, laguntzaileak, erizainak, medikuak, gehienak gazteak, guztiak 
fundamentuzkoak eta atseginak, nolako normaltasunez, itxura batean behintzat, 
egiten duten lana. Mediku eta erizain gehienak, gelan sartzen direnean euren 
burua aurkezten dute, eta euskaraz ala gazteleraz hitz egin nahi dudan 
galdetzen.
Nire gauza hau ondo doa. Ez da beste milaka emakumeri aurretik gertatutakoaren 
oso desberdina. Lehen susto-jabetze-hausnartze prozesuaren ostean, lasai hartu 
dut, eta konfiantza ematen dit bat gehiago izateak, sendatuko naiz, bularrari 
izpiluan zuzen begiratzeko gai izango naiz, momentuz, goitik eta zeharka 
besterik ez dut egin. Etorriko da, ez dago presarik.
Ez da nire asmoa animoak jasotzea, ezta gaixotasunari kementsu aurre egiteko 
atxikimenduak jasotzea. Semearena gertatu zenetik (ei, mutila pri-me-ran dago) 
gorroto dut kantzerren inguruko heroikotasuna, borroka, kemena eta horiek 
kontzeptu guztiak, gaixotasuna ez du norberak gainditzen, lehen munduko osasun 
sistemak sendatzen dizu, hori da nik behintzat uste dudana.
Eta tira, ba horixe kontatu nahi nizuen, beste itxialdi mota bat. Ospitalean 
egunak luzeak dira, dena eginda daukazu, eta denetariko denbora ematen du.
Zaindu zaitezte denok eta eutsi, zerbait ona aterako da hau guztia bukatzen 
denean.
Mx
Elena

________________
Mezu gehiago ez jasotzeko, idatzi hona: eibartarrak-ow...@postaria.com

Reply via email to