Kasualitatez, irakurri ditudan azken bi liburuetan aipatzen da Eibar, eta, nola ez, bitxikeria horren berri izan behar zuen eibartarren zerrendak, nahiz eta zuetako askok ziur jakitun zareten honez gero.
Bata: Aitaren etxea, Karmele Jaiorena. Protagonistak Eibarren pasa zuen haurtzaroa, eta nerabe zela, aitaren tailerra Gasteiza lekualdatu zutenean, bertara joandakoa bizi izatera. Gure belaunaldikook ezaguna dugu egoera hori. 1970 urtearen inguruan tailer asko atera ziren Eibarko hirigunetik, espazio gehiago eta ziur asko merkeagoren bila. Gure aitak lan egiten zuen tailerra ere, GAC, Eibartik Abadiñora eroan zuten sasoi hartan. Liburuan ez da Eibarko tokirik aipatzen, oker ez banago, Jai Alai taberna baino ez. Ez dut izen hori duen tabernarik ezagutzen Eibarren, izen horrekin garai bateko Zezenbideko dantzalekua baino ez. Bigarrena: Munduko tokirik ederrena, Iñigo Aranbarrirena. Hitzez hitz dastatzeko ipuin liburua. "Aldaira" da gehien ikutu nauen kontakizuna, nola gutxinaka doan aletzen tailer bateko lan istripu baten inguruko harreman sare osoa. "Burnia" ipuinean aipatzen da Eibar, "Orbea, marca registrada" pistola bat agertu, eta "Eibarko armagintzaz beste inork baino gehiago zekien irakasle bat"i horren gainean kontsulta egin behar dionean protagonistak. Gero ez da informazio eske hori egitera iristen, eta ez da gehiago aipatzen, baina Orbea pistola da kontakizun horren ardatzetako bat. Eibartarren gauzak, badakizue.
________________ Mezu gehiago ez jasotzeko, idatzi hona: eibartarrak-ow...@postaria.com