Juan Gisasola kalean beste negozio bat ixtera doa: josteko eskulanetarako
materiala saltzen zuen negozio bat.

Agian Eibarko beste kale batzuetan ere gertatuko da, baina ni kale horretan
bizi naizenez, horretxekin fijatzen naiz.

Horren aurretik zenbat eta zenbat negozio itxi ote dira kale honetan?
Ikaragarria da, zenbat kreditu eta zulo egiten ari ote dira?

Zorrak lagatzen dituztenak ere izango dira ziurrenez, baina normalean zulo
ekonomiko handiena negozioa jarri duenak eta bere familiak asumitzen du.
Lokalaren jabeak hilero kobratzen du alokairua, Udalak IAE-a kobratzen du,
zabor eta ura ere kobratzen da, telefono konpainiak, jestoriak, lokala
egokitzeko obrak gremioek... eta abar.

Jende ekintzailea ikusten dut negozio polit batekin ilusionatuta, normalean
kobratu gabe hainbat ordu eta amets bertan jarrita, eta azkenean zorrarekin
eta denbora galdutako sentsazioarekin doa etxera.

Zorte txarra egongo da kasuren batean, baina hainbeste eta hainbeste
negozio itxita ikustean, pentsatzen dut badaudela faktore amankomunak, eta
egoera honen inguruan hainbat erantzule ikusten ditut nik, zerbait egin
dezaketenak.

- Ekintzailea bera: errealitatea ondo neurtu eta negozioa modu egokian
planteatu gabe jartzen dira sarri negozioak. Are gehiago krisi garaian.
Garapen agentzia batetako batek esan zidan krisiarekin jende asko dabilela
suizida moduan negozioak jartzen, etxea edo familia hipotekatuta.

- Lokalen jabeak. Argi dago behin eta berriz negozioak ireki eta itxi
dabiltzan kale batean lokala daukanak beste modu batean planteatu behar
duela bere lokalaren kudeaketa. Lokala urtean 6 hilabete alkilatuta eta
beste 6 hilabete alkilatu gabe eduki dezake, edo agian errenta erdira
jeitsi (gutxienez hasierako urte batzuetarako) eta negozio berriak aurrera
ateratzea erraztu. Beti ere negozioa jarri behar duena ezagutu, ulertu
zertaz doan bere negozioa eta zer arriskatzen duen ulertuta.

- Udala, Debegesa eta administrazioa: negozioak irekitzeko aholkularitza
_inplikatua_ behar da ahal den azkarren. Ez du balio "dirulaguntza hauek
hor dituzu" edo "ikastaro hau han duzu" bezalako aholkuekin. Jende askori
argi esan behar zaio "gure ustez negozio hori pikutara joango da,
honengatik, horregatik edo hango hargatik". Edozein asesoriatan badakite
ondo zein negozio dabilen ondo, zein negoziok daukan ikuspegi okerra edo
zein kasutan dagoen aurrera ateratzeko probabilitate baxua. Orduan,
zergatik ez dago inplikaziorik negozioa jarri behar duenarekin?

Beste kontu gehigarri bat, gure Udalak "bertako komertzioa" eta "zerbitzuen
hiria" bultzatzeko izan duen grina da. Oso eztabaidagarria, eredua
beragatik. Aurreko batean komentatu nuen nolako soldata eta lanpostu
kalitate baxua ematen duen komertzioak, marjinak oso txikiak dira (beraz
aberastasun gutxi gelditzen da bertan), lokalak garestiak... Hor etorkizun
oso gutxi dagoela iruditzen zait. Marc Andreeseni aspaldi irakurri nion:
http://www.businessinsider.com/retail-stores-will-die-says-marc-andreessen-2013-1

Gari
_______________________________________________
Harpidetza eteteko, bidali mezua hona:   eibartarrak-requ...@postaria.com
izenburuan jarriz 'unsubscribe' (horixe bakarrik, komatxo barik)

Ondoren konfirmazio mezua jasoko duzu harpidetza-etetea berresteko.

Reply via email to