Amatiñok: > Ea, Oier, zorroztasun apurtxo bat, zuk nahi duzunean badakizu zorrotzagoa > izaten eta. >
Hasieratik onartu dut nik ez nituela museoa egiteko Kultura Sailetik erabilitako diru kopuruak ezagutzen, eta pentsatzen nuen zuk ezagutuko zenituela, beraz saiatu naiz zorrotz jokatzen, eta baldar ibili banaiz gehigaorako gai ez naizela izango da. Baina harritu nau zerorrek ere ez duzula ohi bezain zorrotz jokatu. Nik esan ez ditudan gauzei erantzuten zabiltzala iruditzen zait, beraz, gogora dezagun zer zen nire lehen mezuan esaten nuena: "Nik ez dakit zehatz-mehatz zenbat diru erabili ziren EJko Kultura Saileko ohiko aurrekontutik museoa egiteko, baina gogoratzen dut garai horretan kultura sailak ematen zituen hainbat diru-laguntza eten zirela, eta horretarako erabili zen aitzakia Gurejaimea izan zela. Gero hori ez bazen egia izan nik ez daukat jakiterik, baina Kultura Sailetik bertatik erabili zen museoaren aitzakia diru-laguntza eta proiektuak bertan behera uzteko. Hori horrela izan zenik gezurra bada badauka lana komunikazio arduradunen batek ondo errotutako ideiak garbitzen." Bi puntutan laburbiltzen da nik esandakoa: 1. Kultura sailak ematen zituen hainbat diru-laguntza eten zirela 2. Horretarako erabili zen aitzakia Guggenheima izan zela Lehenengo puntuari buruz Ramon Zalloren lanak erabat berresten du. Zuk hau diozu... Amatiñok: > 1. 1992ko aurrekontuak 1991ekoak baino 900 milioi (pta) gehiago izan > zituen eta 1990koak baino ia 3.000 milioi gehiago. Beraz, murrizketa bai > (?) baina... eta, txarrenean, ezin esan behintzat "murrizketa izugarriak" > izan zirenik. > Baina... Kultura Sailaren aurrekontu osoarekin (18.000 miloi) konparatuta ez zen "izugarrizkoa", baina aurrekontu oso horretatik kontuan hartzen bada 10.000milioi EITBri zegozkiola, eta horrek ez zuela inolako murrizketarik jasan (kontrara, 1.000 euro gehiago jaso zituen), eta HABEk (1.900 miloiko aurrekontua), Orkestra Sinfonikoak (600), Zerbitzu orokorrak (427) eta abarrek ere berdin jarraitu zutela, ba ikusten da murrizketa atal zehatz batzuri tokatu zitzaiela bakarrik. Eta horixe da Ramon Zallok ematen duen datua: diru-laguntzen atalari eragin ziola bete-betean murrizketak: Bekak, Kultur Hedakuntza, Zinea, Antzerkia, Ondarea eta museoen aurrekontuetan 1.500 miloiko murrizketa izan zela, eta hori ez da izugarrizkoa atal horien aurrekontuetarakoa, baizik eta kasu batzuetan gainera "erabatekoa". Niretzat ez dago zalantzarik "Kultura sailak ematen zituen hainbat diru-laguntza eten zirela". Bigarren puntuari buruz (Horretarako erabili zen aitzakia Guggenheima izan zela) bere momentuan Kultura Sailetik bertatik erabili zen museoa diru-laguntzak kentzeko arrazoitzat. Hori ez zuten kultur kezkakoek asmatu. Diru-laguntzen murrizketa azaltzeko arrazoia Guggenheima zenik ez zuen ukatzen Joseba Arregik berak ere ez, aurreko mezu batean jarri dudan elkarrizketa honetan ikusten den moduan: "ARGIA. Guggenheim proiektua aukeratzeari egotzi zaio Kultura Saileko aurrekontuak murriztea. Ez ote zegoen beste lehentasunik euskal kulturan? JOSEBA ARREGI. Beste herrietan ez da dudarik egiten bertako museoen garrantziaz. Ez dut uste azkarregi jokatu dugunik. Aukera orain eskaini digute, eta hartu edo uzteko egoeran geunden, ezinezkoa zen erabakia atzeratzea. Euskal Herriak aspalditik behar zuen arte garaikideko museo bat. " http://www.argia.com/argia-astekaria/1443/atalak/elkarrizketak Hori ez zela egiazko arrazoia? Kultur politikan aldaketa bat egin nahi zela eta denboran museoarekin koinziditu zuela? Diru-laguntzak murrizteko erabakia defendatzeko hasieran museoaren aitzakia erabili zela baina horrek jendea museoaren aurka jarri zuela ikusita aitzakia hori erretiratu zela? Nik ez daukat ideiarik ere kontu horietaz. Interesgarria litzateke argitzea, baina ez zait justua iruditzen niri "Guggenheimen kontrako mamuak astintzea" leporatzea. Komunikazio gestio txar bat izan bazen ez naiz ni horren erruduna. Are gehiago, 15 urteren buruan entziklopedikoa eta zorrotza izan nahi duen wikipedian ikuspegi hori hori antzematen dela ikusita, euskal idazle eta zutabegile entzutetsuenek ideia horrekin jarraitzen dutela ikusita... uste dut nire galderak erabat pertinenteak direla eta zalantzak argitzea mamuak astintzeko baino mamuak uxatzeko balio dezaketela. oier.
_______________________________________________ Mezuak bidaltzeko: [email protected] http://www.eibar.org/zerrenda harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]
